LH3 eta DBHko ikasleei zuzendutako eskola da, eta Larraintzarko Bentan izanen da astelehenetan, 16:00etatik 17:00etara. Iaz bezala, aurtengoan ere Iker Gorosterrazu ariko da gidari lanetan. Ikasturte osorako matrikularen prezioa 80 eurokoa da haur eta gaztetxoen kasuan, eta kamiseta bat opari emanen diete ikasleei.
Bertsozale Elkartetik gogorarazi dute bertsogintzan trebatzeko ez ezik, euskararekin jolasteko, sormena garatzeko, ideiak pizteko eta ahozkotasuna lantzeko ere oso baliagarria dela Bertso Eskola. Eta noski, ongi pasatzeko ere bai.
Iaz eskualdeko bost bat ikasle aritu ziren bertsogintzan trebatzen, eta Lanzko Euskararen Egunean jendaurrean abestera ere atera ziren. Balorazio oso positiboa egin zuten iaz, bai irakasleak eta bai ikasleek.
Informazio gehiago Bertsozale Elkartearen webgunean aurkituko duzue.