Espainiako Auzitegi Gorenak EAEn euskararen aldeko udal politikak indargabetzea erabaki du, Vox eskuinmuturreko alderdiak aurkeztutako helegitea onartuz. Hizkuntza baten aldeko neurriak hartzea koofizialtasuna urratzea liratekeela ebatzi du epaiak, besteak beste. Horrela, udal mailako ekimenak mugatu nahi ditu, tokiko erakundeen esku-hartze legitimoa auzitan jarriz.
Epaia euskararen aurkako erasoa dela salatu dute Euskal Herriko hainbat eta hainbat eragile eta erakunde. Tartean, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta elkarretaratzeak deitu ditu larunbatean, uztailaren 19an, 12:00etan udaletxeen aurrean. Gure eskualdean, Basaburuko Udalak bat egin du deialdiarekin eta herritarrak Jauntsaratsen elkarretaratzera deitu ditu. UEMA: "Larria da epaia. Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere badelako, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen duelako, ondoan gazteleraren makulua ez duenean".
UEMA: "Justizia behar du euskarak, eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik"
UEMAtik aukera guztiak aztertuko dituztela iragarri dute, baita udal legea Europako auzitegietan defendatzea, zerbitzu juridikoek aukera ikusten badute: "Justizia behar du euskarak, eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik". Euskara lehenestearen garrantzia eta arrazoia azpimarratu du mankomunitateak: "Ezinbestekoa da euskara lehenestea, eta euskararen aldeko erabakiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta. Parekidetasunik ezean, berdintasuna heriotz zigorra baita. Orekak ez du balio lurrean zaudenean".
Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak ere deialdia babestu du: "Orain da unea elkartzeko, erantzuteko eta agerian uzteko ez gaudela atzera egiteko prest".
Taupa: "Euskara lehenesteko neurriak ez dira pribilegioa, hizkuntza gutxitu baten biziraupena bermatzeko beharrezkoa den bidea baizik"
Erabakia auzi tekniko bat ez, erabaki politiko bat dela salatu dute: "Hizkuntza politika epaitegietatik egiten ari dira, euskararen biziberritze prozesua oztopatzeko estrategia baten baitan. Onartezina". Epaia Europako hizkuntza gutxituen gutunean jasotako gomendioen aurka doala ere adierazi dute: "Euskara lehenesteko neurriak ez dira pribilegioa, hizkuntza gutxitu baten biziraupena bermatzeko beharrezkoa den bidea baizik".