Eskualdeko ordezkaritza zabala, Sanferminetako herri kiroletan

Amezti.eus 2025ko uzt. 14a, 11:53

Urtero bezala, aurtengoan ere herri kirolek bere tartea izan dute Iruñeko Sanferminetan. Nafarroako hainbat txapelketa jokatu dira, eta bestelako erakustaldiak ere egin dituzte. Uztailaren 8tik 14ra izan dira herri kirolak, eguerdiko 12:00etan Foruen Plazan. Eskualdeko hainbat kirolarik hartu dute parte bertan. 

Uztailaren 8an, Nafarroako Arpana txapelketa jokatu zuten. Emakumezkoetan Ainhoa eta Maria Iraizoz ahizpek eta Maddi Braco ultzamarrak hartu zuten parte. Uxue Ansorregi eta Aurkene Aroca izan ziren irabazleak, lanak 5 minutu eta 54 segundotan amaituta. Txapeldunorde gelditu ziren Iraizoz ahizpak, 7 minutu eta 15 segundoko denborarekin. Braco lizasorra eta Ainhoa Zabaltza laugarren postuan gelditu ziren, 9 minutu eta 29 segundoan bukatuta lanak. Gizonezkoen kasuan, Jon Etxeberria eta Aritz Legarrea eta Josetxo eta Iñaki Barberena ultzamarrek hartu zuten parte. Bigarren postuan gelditu ziren Barberena anaiak, lanak 12 minutu eta 21 segundotan amaituta, eta hirugarren postuan, berriz, Etxeberria eta Legarrea, lanak 25 minutu eta 56 segundotan eginda. 

Egun berean, harrijasotzeko emakumezkoen torneoa ere jokatu zuten, eta Maika Iraizoz ultzamarra izan zen eskualdeko ordezkaria. Laugarren postuan gelditu zen Iraizoz, altxaldietan guztira 1.619 kilo altxaz. 

Uztailaren 9an, Nafarroako Ingude Altxatze txapelketa eta gizonezkoen Nafarroako 3. mailako Aizkora kanporaketa jokatu zituzten. Emakumezkoen ingudean Maika Iraizoz eta Leire Etxeberria izan genituen eskualdeko ordezkari. Iraizozek bigarren postua eskuratu zuen, 86 altxaldirekin, eta Etxeberria seigarren postuan gelditu zen, 78 altxaldirekin. Aizkoraren kasuan, Beñat Senosiainek bigarren postua eskuratu zuen, lanak 6 minutu eta 46 segundotan bukatuta, eta modu horretan finalerako txartela lortu zuen. 

Uztailaren 12an, Giza Proba erakustaldian parte hartu zuen Julen Kañamares ateztarrak, eta uztailaren 14ean, bukatzeko, Nafarroako emakumezkoen Txinga Txapelketan izan zen Maika Iraizoz. Bigarren postua eskuratu zuen, Esti Gastearenaren atzetik geldituta.