Sustraiak proiektua: "Oso proiektu interesgarria eta polita da; nik uste dut umeek ere garrantzia ikusten dutela"

Amezti.eus 2025ko uzt. 1a, 12:30

Larraintzarko ikastetxeko gurasoen elkarteak bultzatutako proiektua da Sustraiak. Laster 10 urte beteko ditu, 2016an jarri baitzuten martxan. Urtero gai ezberdin bat hautatzen dute eta gaztainondoa eta haren kultura izan da honetan. Silvia Zabalza proiektuan parte hartzen duen gurasoetako bat da eta gure galderak erantzun ditu.

Haurrak eta gazteak lurrarekiko eta eguneroko, hurbileko eta tokiko jendearekiko sustraietan eta konpromezuan hezitzeko giroa sustatzea da proiektuaren helburua, haien gozamen fisikoaren bidez. Horretarako, hamarkada honetan hainbat gairen, lekuren eta ingurune naturalen inguruan egin dute lan: Santurbe inguruan, Belaten, Lantzen, Leurtzako eta Eltzaburuko urtegietan eta Abaunzko kobazuloan, besteak beste. Eta Uraren inguruan, kontsumo eta ekoizpen arduratsuaren inguruan edo Ultzama eta Basaburuko zuhaitz zaharren inguruan lan egiteko, adibidez.

Lurrarekiko eta eguneroko, hurbileko eta tokiko jendearekiko sustraietan eta konpromezuan hezitzeko giroa sustatzea da proiektuaren helburua

 

Aurten gaztainondoa eta zuhaitz honek gure kulturan izan duen eragina aztertu eta landu nahi dute. Horretarako gaztainondoaren historia eta erabilera ezagutarazi nahi dute ikasle komunitatearen artean. Adibidez, gure arbasoen landa-ekonomi baliabide gisa. Horretarako hainbat jarduera antolatu dituzte, azaroa bitartean: inguruko gaztainondoen mapa egitea, erabilera tradizionalak ezagutzeko ekimenak (fruituarena eta zurarena) eta berreskuratzeko planak ezagutzeko solasaldiak, besteak beste.

 

Sustraiak proiektuaren helburu orokorren artean ikasleak ikaskuntzan inplikatzea da, beren ideiak eta esku-hartzeak praktikan jarriz, eta beren ingurune natural, historiko eta sozialera hurbiltzea, naturarekiko eta kultura -eta gizarte-ondarearekiko errespetua sustatzea. Baina baita familiek seme-alaben hezkuntzan parte har ditzaten bultzatzea, eskolaren, familien eta gizartearen arteko harremanak indartuz. Horren adibidea da Silvia Zabalzaren familia.

 

  • Zenbat urte daramatzazue proiektuetako ekimenetan parte hartzen?

Bi seme-alaba ditut. Eñautek 12 urte ditu eta seigarren mailan dago eta Izarok 10 urte beteko ditu abuztuan eta laugarren mailan dago. Sustraiak proiektua entzun genuen lehenengo alditik parte hartu dugu antolatu dituzten jardueretan. Nik lau urte eman nituen guraso elkarteko batzordean, gainera, eta orduan inplikatuagoa nengoen. Baina behin batzordea utzita ere jarraitu izan dut proiektuaz gozatzen eta antolatzen diren ekimenetan parte hartzen, ahal dugun guztietan behintzat.

 

  • Aurtengo zeinetan parte hartu duzue? Zein nabarmenduko zenukete?

Ikasturte hasieran Lanzko meategian izan ginen antolatu zen irteera batean. Nafarroako Gobernuko arkelogo batek gidatu zuen eta paseoan erromatar meategiraino joan ginen. Duela gutxi, ikasturte bukaera honetan, gaztainondoen irteeraldian ere parte hartu dugu. Biak oso-oso interesgarriak eta aberasgarriak izan dira, ingurumena eta gure ingurua ezagutzeko, eta horiei garrantzia emateko.

 

  • Gaztainondoaz eta haren inguruko kulturaz bazenekiten zerbait? Zer ikasi duzue aurten?

"Amankomunean eta taldean egiten ditugun gauzen artean dago gaztaina. Familian edo lagun artean jaten da"

Zerbait bagenekien, gaztainondoa beti egon delako lotuta kulturarekin. Amankomunean eta taldean egiten ditugun gauzetan baitago gaztaina. Familian edo lagun artean jaten da, danbolinan erre eta elkarrekin jaten dira. Lanarengatik ere zerbait ezagutzen genuen (Silviak GAN-NIK, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa, erakundean egiten du lan). Baina orokorrean gauza pila bat ikasi ditugu: Nafarroan gaztainondoa berreskuratzeko zer lan egin daitekeen, zer aukera dagoen eta zein jarri daitekeen ekoizpenean berriro, zer garrantzitsua den gure kulturarendako eta lurraldearekin duen loturarengatik, gure nortasunarekin ere lotuta dagoela... irteeretan asko hitz egin dugu horiei buruz.

 

 

  • Seme-alabek zer diote? Nola bizi dute proiektua eta bertan egiten direnak?

Txikiagoak zirenean ez ziren oso ongi enteratzen proiektuarekin lotuta zeuden ekimenak zirenik edo ez. Baina handitzen joan diren heinean ohartzen dira eskolako proiektu bat dela, eskola eta ingurumena lotzen duen zerbait dela. Nik uste dut normalean pozik eta ongi hartzen dituztela jarduerak eta interesarekin. Guk kanpotik ikusten dugu zer lana duen proiektuak eta nola landu duten guraso elkartetik, batez ere, irakasleekin. Ahalegin handia egiten da dirulaguntzak lortzeko eta gure inguruko elementuei garrantzia emateko, bai naturalei, kulturakoei eta ohiturekin harremana dutenei. Oso proiektu interesgarria da eta oso polita eta nik uste dut umeek ere garrantzia ikusten dutela.

 

  • Sustraiak proiektuaak zer onurak ekarri dituela uste duzu?

"Oso-oso interesgarria eta onuragarria den proiektua da eta bizi dugun tokia probesteko aukera ematen diguna"

Oso-oso interesgarria eta onuragarria den proiektua da eta bizi dugun tokia probesteko aukera ematen diguna, naturaz inguratuta bizi baikara. Umeak eskolatik atera eta naturan daude. Inguruaren bitartez dugun aberastasunaz, baloreaz, kulturaz, ohiturez edo ekoizpen sistemez (nekazaritza eta abeltzaintza, adibidez) ohartzeko aukera dugu. Izugarria da gelatik ateratzea eta umeek konturatzea non bizi diren eta ezagutzea zer balore ditugun eta zein garrantzitsua den hor dagoena. Ezinbestekoa baititugu lurra, gure ingurumena, gure tradizioa eta hori guztia zaindu behar da. Ez badugu ezagutzen ez dugu babestuko, zainduko eta maiteko. Oso garrantzitsua da eta onura handia ekarri dezke Sustraiak proiektuak. Eskola, ingurua eta ingurumena lotzeak horri guztiari garrantzia ematen, zaintzen eta babesten lagunduko die.