Unax Berasain eta Oinatz Landiribar (Benjaminak), Manex Arza eta Eneko Alsua (Kimuak); eta Aimar Orkin eta Unax Arza (Haurrak) bikoteek osatzen dute herriz herrikako txapelketan parte hartu duen Ultzamako taldea.
Txapelketa lau taldeko multzoetan banatutako ligaxkarekin hasi zen eta Ultzama haien multzoko lehenengoak sailkatu ziren, taldeburu, partida bakarra galduta. Final laurdenak Ultzaman jokatu ziren eta Donezteberen kontra 2 eta 1 irabazi zuen Ultzamak, kimuek eta haurrek partida irabazi baitzuten.
Ondoren, finalerdia etorri zen, Labriten eta Goizuetaren kontra. Aitor Paternain entrenadoreak kontatu digu: "Aukerak genituela banekien, baina benjaminek zaila zuten. Ordea, 18 eta 11 gailendu ziren eta beraz lehia gure alde jarri genuen hasieratik". Kimuek eta haurrek ere irabazi eta, beraz, finalera sartu dira. Kimuek gainera, Paternainek esan digunez, partida oso gogorra izan zuten: "Ordu bat baino gehiago aritu ziren eta izugarrizko beroarekin gainera". 18 eta 8 irabazi zuten.
Horrela, oso-oso pozik agertu zaigu entrenadorea: "Ez nuen espero. Aurreko urtean ere finalerdietara iritsi ginen, Leitzaren kontra, baina aurten finalera iristea ez nuen espero. Oso pozik nago". Beraren kontra jokatu beharko dute Labriteko final hori eta, adierazi digunez, faboritoa izan zen hasieratik eta jarraitzen du izaten: "Benjaminetan aukerak ditugula uste dut, haurretan eta kimuetan zailagoa dugu. Baina disfrutatzeko esan diet, gauza hauek ez baitira urtero pasatzen. Lehiatu dezatela baina disfrutatuz".
Uztailaren 5ean izanen da finala, Labriten.
*Kimuak: Alevines
* Haurrak: Infantiles