Lurraren jabeak abiatutako ekimen pribatua izan arren, legeak agintzen duenez, egitasmoak aurrera egiteko partaidetza lokala kontuan hartu beharra du enpresak. Hori dela eta, informazio kanpaina egin dute azken asteetan, Atezko herritar, Kontzeju nahiz enpresei proiektuaren inguruko informazioa emateko. Eritzegoitiko Kultur Eskolan egin dituzte informazio saioak.
Ekainaren 16an informazio faseari bukaera eman diote, eta partaidetza kanpainari ekinen diete orain. Planta fotoboltaikoaren zati txiki bat izateko aukera dute herritar, enpresa nahiz instituzioek. Egitasmoa publiko-pribatu izan dadin, ordea, ezinbestekoa da jabetzaren %20 eta %51 artean partaidetza publikokoa izatea. Partaidetzako lehen fasea uztailaren hasieran abiatzea aurreikusten dute bultzatzaileek, eta Atezko herritar eta entitateei zabalduko diete lehenik. Beharrezko portzentajera iritsiko ez balira, ondoko bailaretako herritar eta enpresei zabalduko diete aukera. Eta, azkenik, horrela ere %20 horretara iritsiko ez balira, Nafarroako herritar guztiei zabalduko zaie deialdia. Webgune bidez eta presentzialki eginen dute partaidetza kanpaina.
Atezko udaletik jakinarazi dutenez, egitasmoaren bultzatzaileek aurreikusten dute irailaren bukaerarako partaidetza fasea amaitzea, eta urri aldera plantaren eraikuntzarekin hastea. "Aurreikuspenen arabera badoa, espero daiteke planta urte bukaerarako martxan egotea", azaldu du Martin Ibarra udaleko aholkulariak.
Plantaren ezaugarriak
1,4 MW-ko potentzia gailurra izanen du Oarrizko plantak, 2.619 moduluz osatua egonen da, eta 250KW-ko bost inbertsore jarriko dituzte, guztira 1,1MW-ko potentziarako gaitasuna dutenak. Moduluek 2,2 x 1,1 metroko dimentsioak izanen dituzte, eta metalezko egitura baten gainean joanen dira, 20º-ko inklinazioarekin. Guztira, 97 metalezko egitura joanen dira lursailean, eta horietako bakoitzean 27 modulu. Instalakuntza osoa bi metroko altuerako hesiarekin itxiko dute. Udaleko aholkulariak nabarmendu duenez, plakak metro pasatxoko altuerara altxatzen dituzte egiturek, eta, dioenez, "horrek bateragarri egiten du azpitik animaliak ibiltzea”.
Proiektuak 558.256 euroko aurrekontua izanen du guztira. Beheko koadroan ikus daitezke aurrekontuaren xehetasunak.
ALORRA |
ZENBATEKOA |
Obra zibila |
13.984,70 |
Muntaketa |
36.260,00 |
Tresneria eta osagarriak |
493.110,00 |
Instalakuntza elektrikoa |
14.611,79 |
Hondakinen kudeaketa |
290,00 |
Enpresa bultzatzailearen ingurukoak
Believe in Change SL enpresa da egitasmoaren bultzatzailea, baina Nafarroako Gobernuan aurkeztutako aurreproiektuan adierazten denez, badirudi Ready To Build (RTB) enpresarekin lotura duela Atezko egitasmoaren bultzatzaileak, aurreproiektua bigarren honek aurkeztu baitu. RTB enpresak Nafarroako hainbat kokalekutan planteatu ditu planta fotoboltaikoak azken hilabeteotan, hala nola, Berriobeitin, Carcastillon, Etxaurin, Juslapeñan, Lodosan, Monrealen, Murillo el Cuenden, Erriberrin, Azkoienen, Zangozan eta Urraulbeitin. Planta horietako zenbait onartuak izan dira honezkero, Atezkoa kasu. Beste zenbait ukatuak izan dira, eta beste batzuk baimenen zain daude oraindik.
Proiektuaren inguruko xehetasun guztiak kontsultatu daitezke Nafarroako Gobernu Irekiko atal honetan.