Kanpaldian zeuden batzuk kenduta ia maila guztietako ikasleak pasa dira Larraintzarko Ikastetxean Txutxumutxu irratiek eta Esan Erran irratiek prestatu duten estudio inprobisatuan. Horrela, bi ordu baino gehiago aritu dira zuzenekoan, 11:00etatik 13:00ak bitartean. Hiru ataletan banatua, behean dituzue guztiak, noiznahi entzuteko.
Haur Hezkuntzakoak pasa dira lehenengo mikrofonoetatik. Haien burua aurkeztu digute, asmakizunak kontatu eta kantatu ere, kantatu dute hiru, lau eta bost urteko esatari txikiek.
Ondoren, Lehen Hezkuntzakoen txanda iritsi da. Edukiak, bigarren atal honetan ere, anitzak izan dira: ipuinak kontatzen hasi dira. Ondoren, aurten egin dituzten proiektuez ere hitz egin digute: hasi Reciclon lehiaketara aurkeztu zirenekoa eta buka pelikula bat grabatu dutenekoa! Gainera, Esan Erran irratiko saioren batean edo bestean ikasi dituztenak ere kontatu dizkigute, ez galdu!
Bukatzeko, DBHkoak ere izan ditugu. Erlijiokoek parabolak kontatu dizkigute. Bigarren mailako ikasleek matematikako olinpiadetan zenbat disfrutatu duten azaldu; eta, hirugarren mailakoek Gernikaren Ahotsak osatu duten proiektu oso interesgarria erakutsi digute. Bukatzeko, laugarren mailakoak etorri dira eta azken atala oso berezia izan da. Izan ere, ikastetxea utzi behrko dute hemendik aste gutxira: hori nola bizi duten, etapa berrian zer espero duten; eta, batez ere, 13 urteko ibilbideari errepasoa egin dioten anekdotak eta oroitzapen ugari kontatuz. Sorpresaren bat edo beste ere izan dugu atal honetan.