Ostegunean, Larraintzarko ikasleen irratsaio berezia

Amezti.eus 2025ko eka. 4a, 09:47

Ostegun honetan, ekainaren 5ean, irratsaio oso berezia izanen da goizeko 11:00etatik aurrera Esan Erranen. Hain zuzen, Larraintzarko eskolatik ariko gara zuzenean, hango ikasleek prestatu duten irratsaio bereziaren emisioarekin. FM-ko 107.9an edo https://amezti.eus/irratia/zuzenekoa estekan izanen da saioa zuzenean entzuteko aukera. 

Asteak daramatzate Larraintzarko ikastetxeko maila guztietako ikasleek irratsaioa prestatzen. Haur Hezkuntzako lehendabiziko mailakoetatik hasi eta 4. DBHko ikasleetaraino, gela gehienetako ikasleak pasatuko dira Larraintzarko eskolan prestatu duten irrati estudiotik. 

Gai asko jorratuko dituzte ikasleek irratsaio berezian: olerkiak irakurriko dituzte, abestiak abestu, zetazko beldarren inguruan ariko dira batzuk, ipuin eta ilustrazio lehiaketaz ariko dira besteak... denetik izanen da. 

Irratsaio berezia dela eta, ohiko Egun Ero magazinik ez da izanen goizeko 10:00etan. Horren ordez, 11:00etatik aurrera izanen da Egun Ero berezia, Larraintzartik zuzenean emititua.