Euskaraldirako motorrak berotzen ari dira eskualdean

Amezti.eus 2025ko mai. 6a, 12:09

Euskaraldiko hamaikakoa gure eskualdean

Maiatzaren 15etik 25era izanen da. Oraindik ere izena eman daiteke eta eman duzuenok zuen ahobizi edo belarriprest txapa jasotzeko aukera izanen duzue datozen egunetan.

Hizkuntza ohiturak eta euskararen erabilera sustatzeko ariketa sozial gisa jaio zen euskaraldia. Herritarrek, ahobizi edo belarriprest rola aukeratzen dute eta hura adierazten duen txapa janzten dute, eta, gutxienez, 11 egun jarraian euskaraz aritzeko (edo entzuteko) konpromisoa hartzen dute euskaraldian. Gainera, hizkuntza dinamikak aldatzera bultzatu nahi du, ezezagunekin ere lehenengo hitza euskaraz egitea, adibidez.

 

Bada, aurten, esan bezala, maiatzaren 15etik 25era izanen da eta nahiz eta izen ematea ez den itxiko, dagoeneko eman duzuenok jaso dezakezue zuen txapa. Basaburuan, larunbat honetan, maiatzaren 10ean, Sorioneku herri dinamikak antolatutako euskara etorkizuneko zubi ekimenean banatuko dituzte. 12:00etan izanen da Pasaderetako zubian. Imotzen, igandean, maiatzaren 11n, Bermuskitz bitartean, Muskitzen, 13:00etatik aurrera. Eta, Ultzaman, dagoeneko eta maiatzaren 15era arte hartu daitezke, Larraintzarko bentako tabernan, taberna ordutegian.

 

 

Izan ere, Euskaraldiko hainbat batzorde sortu dira gure eskualdean. Eta ariketa bera bultzatzeaz gain, ekimen kulturalak antolatu dituzte hilabete osoan zehar:

 

Lehenengoa Basaburuan izanen da, Apeztegiberriko ganbaran, maiatzaren 9an, ostiralarekin. Joxe Aldasoro etorriko da bakarrizketa eskaintzera, 20:00etan.

 

Ondoren, Imotzen ere, hainbat hitzordu ditugu. Maiatzaren 17an, Etxalekun, txalaparta eta talo tailerra, 12:00etatik 14:00ak arte. Eta, maiatzaren 23an, Larrañeta bordan, Erason, Erraiak dokumentala, 19:00etan.

 

Eta, Ultzamaren kasuan, maiatzeko ostiral kulturalak, euskaraldiko egitarauari begira zehaztu dira. Maiatzaren 16an, Pontx pailazoaren Bisitari ikuskizuna hartuko du, 18:00etan, Iraizozko plazak. Eta, ondoren, Erreka zoko hortan laburmetraiaren emanaldia izanen da, maiatzaren 23an, 19:00etan, Larraintzarko bentan.

 

Aukeratu zuen rola eta eman izena euskaraldia.eus webgunean:

 

AHOBIZI: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut.

BELARRIPREST: Aldiro erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.