Txikitako ametsa bete du Andoni Gaskue pilotari ultzamarrak

Amezti.eus 2025ko mar. 24a, 16:15

Iker Salaberria aurrelariarekin bikote, Andoni Gaskue atzelariak promoziozko binakako txapela ekarri du Larraintzarrera, profesionaletan irabazitako lehena.

Labriten irabazi zuten larunbatean, final gogor baten ondoren, 22 eta 18 Julen Egiguren eta Iñigo Bikuñaren kontra. Hasieran abantaila lortu bazuten ere, kontrariek asko hurbildu zitzaien eta momentu batean 17 eta 16 irakurri zitekeen markagailuan. Gaskuek orduan txapela kolokan sentitu zuen, eskuan mina zuelako, eta horrela galdu zuen finala duela bi urte. Baina, azkenean, 22ra iristea lortu zuten.

Finala ez ezik, txapelketa gogorra izan dela aitortu digu Andoni Gaskuek. Hasi baino lehen Pulunpen aurreratu zigun oso maila altukoa izanen zela aurtengoa, lehenengo maila eta bigarren maila artean geratutako pilotari asko arituko zirelako: "Guretzat oso-oso zaila izan da. Lehenengo hiru partidak galdu genituen eta lehenengo itzulian zazpigarren ginen sailkapenean, hau da, hanka bat txapelketatik kanpo genuen. Baina gero egoera hori irauli genuen eta bukaera ezin hobea izan dugu. Maila altuko txapelketa izan da eta asko sufritu dugu baina gauzak horrela ateratzen direnean oraindik gehiago disfrutatzen dira".

Hau, lehenengo txapela da Andoni Gaskue atzelari ultzamarrarendako, amets bat bete du: "Lehenengo txapela irabaztea oso-oso pozgarria izan da. Umetako amets bat izan da profesionaletan txapel bat irabaztea eta orain txapela etxean dudala oso-oso pozgarria izan da bai niretzat eta baita nire inguruko jendearentzat ere. Txapel bakar batengatik egiten den sakrifizio eta lan guztiak merezi izan du".