ELKARRIZKETA

Imanol Olague, Skabidean: "Emanaldi pertsonalagoa egiteko probestuko dugu Larraintzarko aretoa"

Amezti.eus 2025ko ots. 26a, 14:50

Skabidean taldeak Hau errepikaezina izan da azken diska aurkeztuko du ostiralean, Larraintzarren. Areto txikiak ez die ematen eraman ohi duten montajea egiteko aukera, baina hori beren alde hartuko dute. Gertutasuna probestuz, publikoari abestiak hobeto azaltzeko tartea hartuko dute eta ikusentzuleek galderak egiteko aukera izanen dute. Otsailaren 28an, ostiralarekin, Larraintzarko Bentan, 19:00etan. 

2024an lehenengo aldiz guztiz gelditu eta sortze prozesuan buru belarri murgildu zen Skabidean taldea. Emaitza, Hau errepikaezina izan da argitaratu berri duten diskoa. Lehenengo aldiz ere letrak sortu dituzte musika aurretik eta oso pozik daude esplorazio horrekin. Nondik norakoak ongi azalduko dituzte ostiraleko kontzertuan. Guk Imanol Olague lizasoarrarekin eta taldeko kidearekin hitz egin dugu.

  •  Disko honetan, lehenengo aldiz letrak idatzi dituzue lehenengo eta ondoren musika. Letrek garrantzi handiagoa hartu dute beraz? Zergatik?

Orain arte, gehienetan, musika egin dugu lehenengo eta musika horri letra egokitu diogu, silabak bilatuz eta melodiari hobeki egokitzen zitzaiona aukeratuz. Disko honetan hain justu kontrakoa egin dugu, ia abesti guztietan. Lehenengo letra egin dugu eta gero musika bilatu dugu. Uste dut oso interesgarria izan dela. 2024an kontzerturik gabe egon ginen diskoa sortu nahi genuelako lasai gehiago landu nahi genuelako, eta, beraz, denbora gehiago izan dugu letrei garrantzia emateko eta musika ere gehiago lantzeko. Era naturalean atera da hori. Abesti batzuk horrela egin genituen hasieran eta hortik aurrera ere horrela egin genuen. Ongi funtzionatu zuen horrek, gustatu zitzaigun, abestiek beste esanahi bat hartzen zutelako. Musika sortzerako momentuan gida bat bagenuen, letrak gidatzen zuen. Sortzeko prozesuan oso interesgarria izan da. Gainera, letren sorreran taldeko partaide berriak izan ditugu eta hori ere oso interesgarria izan da. Esperimentu moduko bat izan da eta oso pozik gaude. Uste dut hemendik aurrera hortik jarraituko dugula.

"Esperimentu moduko bat izan da eta oso pozik gaude"

  • Hau errepikaezina izan da! Izenburuak despedida bat iradoki lezake, baina, kontrara, biziberrituak zatozte, ezta? Taldearen ibilbideari eta zuen arteko harremanari aitormen bat egin nahi izan diozue? Zergatik momentu honetan?

Mundu guztiak esaten digu agurra ez ote den, baina inola ere ez. Diskoaren abesti baten izenburua da. Urteetan kontzertuekin astebururo hemendik harat ibili ondoren, horrela ibili baikara azkeneko urteetan Euskal Herriko toki guztietatik. 2024an lehenengo aldiz guztiz gelditzeko hautua egin genuen sortze prozesuan buru belarri aritzeko. Gelditze horretan, taldearekin bizitako momentu guztiak etorri zaizkigu burura. Taldearen inguruan bizi izan ditugun gauzak eta esperientziak. Hortik idatzi dugu eta prestatu dugu diska hau. Geldialdi horretan nostalgia eta jotzeko gogoak sentitu ditugu. Agurra ez izan arren, gelditu eta atzera begiratu dugu, talde eta lagun gisa dugun historiari erreparatu diogu eta konturatu gara zeinen ongi pasatzen ari garen bide honetan! Hau errepikaezina izanen da, gure bizitza eta gaztaroa horrela bizitzen ari garelako eta noizbait bukatuko dela badakigunez momentuz disfrutatu nahi dugu. Agurretik baino gehiago enfoke nostalgiko horretatik dator. Eta, bai, erabat biziberriturik gatoz. Aurten kontzertu pila ditugu eta topera gaude zentzu horretan, oso pozik.

"Bide honetan zeinen ongi pasatzen ari garen konturatu gara"

  • Larraintzarren zer eskainiko duzue? Zuen kontzertua pixka bat moldatu beharko al duzue?

Jendea eserita egon behar duenez (aretoarengatik) moldaketa batzuk egin ditugu. Ez dugu kontzertu normal bat egingo eta formatu hori probestuko dugu abestiak azaltzeko, zeri buruz dijoazte, nondik datozen, batez ere disko berrikoak. Emanaldia pertsonalagoa egiten saiatuko gara. Soinuari dagokionez akustikoa eginen dugula esaten dugu baina egia esanda, akustikoaren antzeko zerbait izanen bada ere, taldekide guztiok egonen gara eta kasik musika tresna guztiekin beraz ez da ohiko kontzertuetatik hainbeste aldenduko. Sinplifikatuko dugu ezin dugulako eraman ohiko kontzertuetara daramagun muntaia. Hori kontzertu pertsonalago bat egiteko aprobetxatuko dugu eta jendeak abestien nondik norakoak ezagutu ditzan, horretara eramanen dugu emanaldia. Jendeari ere aukera eman nahi diogu galderak egiteko, hain hurbil egonen garela aprobetxatuta.