Iruñeko manifestazioaren ondoren, gure udalerrietan ere hainbat ekimen antolatu dira. Ultzaman bazkaria izanen da Iraizozko ostatuan, eta Emakume gaiztoen istorioak ikuskizuna, ondoren.
Lantzen eta Anuen udalek elkarrekin antolatu dute Olaguen izanen den egitaraua. Goizean neguko loraldia eta ingurunea ezagutzeko ibilaldia eginen dute, 9:30ean aterako da, udaletxetik. Ondoren, 12:00etan Feminismoaren jatorriari eta emakumeen historiari buruzko hitzaldia izanen dute, Gemma Piérola Narvarte, NUPeko Historia Garaikideko irakaslearen eskutik, Olagueko eskola zaharrean; bazkaria Olagueko ostatuan eginen dute; eta, gero, Berdintasunaren inguruko ihes gela edo scape rooma, hau ere eskola zaharrean eta Ultzamaldeko Mankomunitateak eta Berdintasun Zerbitzuak antolatua (Sakatu esteka hau izena emateko). Eguna bukatzeko karaokea ere izanen dute, Olagueko ostatuan, ostatuak antolatua.
Bestetik, Odietan ere udalak hainbat jarduera prestatu ditu. Gelbentzutik aterako den ibilaldia, 12:00etan; ondoren, Gelbentzuko kontzeju etxean bazkaria; eta, 17:00etan, bazkalondoa.
Hori guztia martxoaren 8an bertan izanen da, larunbatarekin. Baina, aurretik, hainbat hitzordu ere baditugu. Basaburuko udalak antolatua, otsailaren 28an Lorena Arangoaren bakarrizketa, Tera Pia, izanen da Apeztegiberrin, 19:30ean. Ondoren, martxoaren 7an, ostiralarekin, 21:30ean, emakumeen afaria ere izanen da Aizarozko ostatuan.
Baina, gainera, bestetik, martxoaren 8tik haratago brigada moreak antolatu nahi dira. Helburua herrietako festetan eraso sexistak ekiditea eta hauei aurre egitea da. Horretarako, aurretik prestakuntza saioak antolatu dira. Basaburuan, martxoaren 7an izanen da 19:00etatik 21:00ak bitartean, Apeztegiberriko ganbaran. Eta, Ultzaman, martxoaren 29an, Larraintzarko Bentan, 11:00etan. Saio hauek mistoak izango dira eta herritar orori zuzenduak izan arren, bereziki interesgarria da festa batzordeetako kideen eta gazteen parte-hartzea. Miren Orozko Berdintasun gaietan adituak eskainiko ditu. Indarkeria sexista hobe ulertzea, identifikatzea eta honen aurrean nola erantzun jakitea da saioen helburua.
Eskoletan, Lehen Hezkuntzan, Oihanzabalen eta Larraintzarren, hezkidetza antzerki bidez lantzeko tailerra antolatu dute Otsailaren 24tik 27ra eta apirilaren 2tik 4ra. Oihanzabalen bostgarren eta seigarren mailakoekin eginen dituzte eta Larraintzarren bostgarren mailakoekin. Egun bakoitzean bi orduko saioak izango dituzte eta azken egunean guraso eta ikasleei zuzenduriko emanaldia eskainiko dute. Helburuak genero rolak aztertzea, hauek zalantzan jartzea, berdintasuna oinarri hartuta autoestimua lantzea eta errespetuzko harremanak sustatzea dira.
Amaitu aurretik, beste hitzordu batzuk daude aipatzeko, Ultzaman. Martxoaren 1ean herri kirol eta krossfit erakustaldia; Martxoaren 28an, 19:00etan, Gizarte Etxean, bertso saioa eta otamena; eta, martxoaren 30ean, artisau azoka.