Pascual Lazkano Cia, holokausto naziaren biktimari omenaldia

Amezti.eus 2025ko urt. 29a, 10:16

Ahaztuak herri ekimenak antolatua, urtarrilaren 26an egin zen Ilarregiko kontzeju etxean. 60 pertsona baino gehiago bildu ziren Flössenburgeko kontzentrazio esparruan hil zen ilarregiarrari omenaldia egiteko.

 Ekitaldia Kontzejuko alkatearen esker oneko hitzekin hasi zen. Ondoren, Ahaztuak herri ekimena elkarteko kide batek frankisten kolpearen ondoren errepresioa era batera edo bestera jasan zuten eta ahaztuta egon diren gure haranetako pertsona guztiak gogora ekarri zituen. Gainera, faxismoak gure artean jarraitzen duela adierazi zuen, eta aurre egin behar zaiola, etsi gabe.

 

Benito Alberro Ahaztuak herri ekimeneko kidea

 

Ekitaldian, Ana García Santamaría historialariak ere hitza hartu zuen. Berak Alemaniako kontzentrazio-esparruetan izandako euskaldunen bizitzak eta historia ikertu eta bildu ditu. Pascual Lazcanoren bizitzaren eta borrokaren zenbait datu eskaini zituen. Ondoren, Cesar kantautoreak (Telleriako ahaztuak memoria-elkartekoa) eta Beñat Astiz bertsolariak parte hartu zuten. Amaitzeko, bertaratutako guztiek Pascual Lazcano eta ahaztutako errepresaliatuen alde topa egin zuten.

 

Ana García Santamaria historialaria, Gato (Ahaztuak herri ekimena) eta Beñat Astiz bertsolaria

 

Ilarregiarraren zenbait datu:

Ana García Santamaria historialariak ikertu eta bildu ditu eta hurrengo Pulunpen datu guztiak eskainiko dizkigu, baina hemen duzue laburpen bat.

Pascual Lazcano Cia 1909ko martxoaren 12an jaio zen Ilarregin. Gurasoak Martin Lazcano eta María Ángela Cía Goñi ziren. Aita Orokietakoa zen eta ama Ilarregikoa. Aitaren gurasoak, berriz, Mendigorriakoak eta amaren gurasoak Zenozkoak eta Orokietakoak.

Erresistentziako kidea, FFCeko parte zen (Forces Françaises Combattants). Horrela, Shelburn sarean aritu zen, britaniarraren zerbitzu sekretuetan operazio bereziak aurrera eramanez. Mila bat agentez osatua, sarearen misioa Frantziako lurretan eroritako jauskari britaniarrak eta aliatuak berriz Inglaterrara eramatea zen.

Lazcano Liqué herrian bizi zen. Basse Pirinées eskualdean eta han atxilotu zuten 1944ko maiatzaren 22an. Uztailaren 2an Dachauko kontzentrazio-esparrura bidali zuten 1.240. konboian, “Heriotzaren trenean”. 2.162 gizon eramanen zituzten osotara, horietako 42 “rotspanier” deiturikoak ziren (espainiar gorriak). Konboia osatzen zutenen gehiengoa erresistentziako kideak ziren. Pilaketak, beroak eta egarriak 450 pertsonen heriotza eragin zuten trena abiatu eta ordu gutxietan. 1.632 deportatuk iritsi ziren Dachauera uztailaren 5ean. Pascual Lazcano Cía 77965 zenbakiarekin errejistratu zuten. Abuztuaren 25ean Flössenbergera eraman zuten eta bi hilabete geroago, 1944ko urriaren 25ean hil zen.

Cesar kantautorea (Telleriako ahaztuak memoria-elkartekoa)