Adinekoentzako ongizate emozionalaren inguruko tailerra, ostegunean, Larraintzarren

Adineko jendearentzako ongizate emozionalaren inguruko tailerra, 2024ko aza. 18a, 10:40

Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik ongizate emozionalaren inguruko tailerra antolatu dute, adineko jendeari zuzenduta. Ostegunean izanen da lehen saioa, Larraintzarko zentro zibikoan, 16:00tan, eta azaroaren 28an bigarrena. Josune Ibarra teknikaria elkarrizketatu dugu saioaren inguruan.

Emozio desberdinak identifikatzen eta horiek nola eragiten diguten ikasteko aukera izanen da tailerrean, besteak beste, eta egunerokotasunari aurre egiteko gakoak ere emanen dituzte. "Zahartze aktiboa bultzatzeko proiektu baten barruko jarduera da hau ere, Gizarte Zerbitzuetatik, Osasun Etxetik eta Denok Bat elkartetik garatu den proiektua da", adierazi du. Tailerrean izena emateko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera deitu beharra dago, 948 30 53 53 telefonora.

Hain zuzen, Nafarroako Gobernuko Osasun Publikoko departamenduaren sari bat jaso berri du proiektuak. Ultzama aldeko zonaldeko adineko pertsonen beharrak identifikatu dituzte, eta beste neurri askorekin batera, bakardadea ekiditeko eta sozializazioa bultzatzeko lanketa bultzatzen ari dira.