Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen larunbateko bestak jendetza bilduko du Berueten

Amezti.eus 2024ko urr. 9a, 17:16

300 pertsona baino gehiagok erosi du txartela Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak urtero egiten duen bestarako. Aurten, Beruete aukeratu dute biltzeko tokia eta egitarau zabala izanen da.

Azken bi urteetan lan handia egin dute gure eskualdean Ameriketako Estatu Batuetara joan ziren artzainen informazioa biltzeko. Batez ere, Ana Olaiz (Iraitzoz) eta Lourdes Iraizoz (Iraitzoz) ultzamarren laguntzarekin. Horregatik, aurten, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak urtero antolatzen duen besta Berueten egitea erabaki dute.

Aipatutako eta bildutako datuen arabera, 215 pertsona inguruk emigratu zuten AEBra gure eskualdetik eta horiei guztiei omenaldia egiteko probestuko dute aurtengo besta.

Euskal Artzainak Ameriketan 2011n sortutako elkartea da, eta Nafarroan du egoitza. Bere helburu nagusia AEBetan "Euskal artzain" gisa ezagutzen direnen bizimodua eta lan-baldintzak zabaltzea da. Hau da, AEBetan geratu zirenak nola bizi izan diren, nola lan egin duten eta nola itzuli diren ezagutzera ematea. 

Bildutako materialetik abiatuta, eta Jesus eta Begoña Garate (artzain baten-seme alabak) laguntzari esker, erakusketa bat argitaratuko dute, eta argazkiez gain, emigrazio horrek herri horietan eragin zituen datu demografikoak emanen ditu ezagutzera.

Gainera, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, Artzainen ibilbidea diseinatzen ari da jatorrizko herriak zeharkatuko duena. Haren bitartez historia gizarteratzea eta gogoan mantentzea da xedea.