Larraintzarko ikastetxeko jantokiko arduradun eta langileak arduratu dira urte osoan konposta behar bezala egiteaz, eta Elkarkide enpresako kideak, berriz, asteroko mantenimendu lanez. Ostiraleko ekitaldian izan ziren guztiak, baita Ultzamako Udala eta Iruñerriko Mankomunitateko kideak ere, eta bertan nabarmendu zutenez, kalitate oneneko konposta lortu dute ikastetxean.
Guztira, 2023-24 ikasturtean, astero, 80 kilo hondakin bota direla kalkulatu dute. Horri inguruko kimaketetako egur xehatuak gehituta, urte osoan 3.000 kilo inguru batu dira, eta behar bezalako eraldaketa eginda, A mailako konposta lortu dute. Hain zuzen ere 2.200 litro, 200 bat poltsetan banatu dute ikasle eta langileen artean.
Konpostatze prozesuan parte aktibo izan diren ikasleek konpostaren zati bat etxera eramateko aukera izan dute. Mankomunitatetik azaldu dutenez, haien etxeetan konpostatzen hasteko aukera zabaltzea ere izan da ekimenaren helburua. "Oraindik etxean konpostik egiten ez badute, Mankomunitateari konpost-ontzi bat eskatuta egiten has daitezkeela gogoraraztea komeni da", adierazi du Beatriz Ihaben kideak.
Konpost-ontzia eta informazioa eskatzeko deitu:
948 423 242