Israelek 173 kazetari hil ditu urtebetean

Amezti.eus 2024ko ira. 26a, 15:49

2023ko urriaren 21ean, Esan Erran irratiko 25. urteurren pestan, Palestinarekin elkartasuna adierazteko ateratako argazkia

Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak oharra zabaldu du Palestinaren kontrako sarraskiak kazetariak ere jopuntuan izan dituela salatuz. Israelek 173 hil, 180 zauritu eta 86 atxilotu ditu.

Euro-Med Human Rights Monitor eta Palestinako Kazetarien Sindikatuen datuen arabera, urtebetean, 173 kazetari hil ditu Israelgo estatu sionistak. Gainera, 180 zauritu ditu eta 86 kazetari atxilotu ditu. Palestinarekin Elkartasunak salatu duen bezala: "Aurrekaririk gabeko egoera baten aurrean gaude: 2023ko urriaren 7tik, Israelek hil duen kazetari kopuruak jada Vietnamgo gerrako bi hamarkadetakoa gainditu du".

Oharrean azaldu dutenez: "Gazan gertatzen ari denaz informatzeko oztopoak, kazetarien kontrako erasoak, lurraldean sartzeko ezintasuna, interneteko sarbiderako mozketak... eguneroko ogi bilakatu dira. Besteak beste, ezinezko bihurtu du hildakoen kopuru zehatza ezagutzea, zenbait iturriren arabera 186.000 izan daitezke".

Horrela, Palestinarekin Elkartasunak euskal kazetariei Palestinarekin elkartasuna adierazteko deia egin du: "Beste sektore batzuetako langileek egin bezala, euskal kazetarien ahotsa ere altxarazi nahi genuke". Gure erredakziotik deialdi horri batu nahi izan gara.

Urriaren 5ean, sarraskia salatzeko manifestazioa deitu dute Bilbon. 12:00etan Jesusen Bihotzetik aterako da: "Urtebete beranduago ere, oraindik zutik dirauen erresistentziari babesa adierazi eta mugarik ez duen Israelgo estatu sionistari eta bere mendebaldeko konplizeei aurre egiten jarraitzeko beharra mahai-gaineratu beharrean gaude".