Euskalduntzeko ikastaroetan maila guztiak eskainiko dituzte aurten ere, oinarrizko mailatik hasi eta C1 arte. Imotzen kasuan, Etxalekun izaten dira klaseak, eta, Basaburuan, berriz, Jauntsaratsen edo Aizarotzen. Ordutegiei dagokionez, interesa duten herritarrekin bilera egiten dute IKAko irakasleek, guztien artean ordutegiak adosteko.
Bestalde, euskara ikasteko abian dauden diru-laguntzei esker, matrikularen %100 finantzatzeko aukera izanen dute ikasleek aurten ere. Matrikulazio kanpaina irailaren 30a arte egonen da abian, eta klaseei urriaren 7an ekinen diete. Ceballosek nabarmendu duenez, dena den, urte osoan zehar klaseetan izena emateko aukera zabalik izanen da. Informazio gehiagorako eta izena emateko 948 610 776 telefonora deitu edo leitza@ika.eus helbidera idatzi beharra dago.