Abuztuaren 28an bukatu zen Munduko Atletismo Master Txapelketa eta txapeletako bat Ultzamara etorri zen, edo, hobe esanda, Vanesa Pacha Urteagak jantzi eta ekarri zuen.
Iraizozko Lopitxenekoa, Pachak 2000 metroko oztopo-lasterketan irabazi zuen, F40 kategorian (40 urtetik gorakoei zuzendutakoa). 7 minutu, 8 segundo eta 88 zentesimatan burutu zuen proba. Atzetik izan zituen Lindas Reus (Herbehereak), 7 minutu 29 segundo eta 27 zentesimatan bukatu zuena; eta, Concepción Hidalgo espiniarra, 7 minutu 41 segundo eta 9 zentesimatan.
Munduko txapelketa bat ez dela erraza aitortu digu Pachak, baina irabaziko zuela argi zuela ere bai, urtebete prestatu da horretarako: "Irabaziko nuela oso-oso argi nuen; eta, uste dut horrela izan behar duela edozein kiroletan, irabazi nahi bada. Munduko Txapelketa batean maila nabaritzen da. Europakoak ezagutu ohi dituzu, baina Munduko Txapelketan herrialde guztietatik datoz, eta ez dakizu norekin eginen duzun topo". Horregatik, poz-pozik dagoela esan digu.
Master txapelketetan 35 urtetik gorako kirolariak aritzen dira, eta, kategoriak eta probak adinaren arabera banatzen dira normalean. Pacha 40 urtetik gorakoen kategorian aritu da. "Masterra denez jendeak pentsatzen du: 'beno, beteranoak zahar samar zaudete', baina jendea asko prestatzen da eta maila altua dago. Beti esaten dut, joan eta ikusi, ideiaz aldatuko duzu, seguro".