11:45ean egin dute hitzordua eskolan. Elkartu eta 12:00etan Etxalekurantz abiatuko dira. Ondoren, 12:30ean Etxalekuko biltokian bertakoek batuko zaizkie eta Latasaraino joanen dira. Latasako Biltegiraino joanen dira eta bertan, argazkia egin ondoren, bermut musikatua izanen dute.
Aipatu bezala, Palestinaren aldeko bizikleta martxan Euskal Herritik kanpo egin zen dagoeneko eta orain, BDZ plataformak, Nafarroan ere abiatu nahi izan du. Gure eskualdean bakarrik ez, Lizarran, Iruñean, Arakilen eta Iruñerriko hainbat herritan ere eginen da aldi berean.
Hau da BDZk eta eskualdeko antolakuntzak zabaldu duen mezua:
"Munduko herriek herri palestinarra babesten dugu, haren bidezko eskaerak babesten ditugu, haren erresistentzia babesten dugu eta haren duintasuna miresten dugu. Haiekin gaude eta egongo gara. Horregatik, gure elkartasuna adierazi nahi diogu nazioarteko bizi-martxa batekin. Horrela, gure herrian, bailaran, datorren irailaren 14an Palestinako kolorez eta sinboloz
betetako bizi-martxan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Zure txirrindula moldatu: banderola, globoak eta horrelakoak jarriz... argi ikus daitezen!! Herri palestinarrari gure babesa adierazteko eta Israelgo estatua eta sionismoa erabat gaitzesteko; beraiena ez den lur bat okupatzeagatik, herri baketsu bat hiltzeagatik, eta dibertimenduz torturatzeagatik.
Israeli boikota, berehala!
Israelekin harremanak apurtu, berehala!
Arma-blokeoa, berehala!
Gora Palestinako herriaren borroka!
Gora Palestinako herriaren erresistentzia!"