Ultzamaldeko herri kirol talde berria, herriz herriko finalean

Amezti.eus 2024ko abu. 16a, 13:58

Burlatan izanen dira Herriz Herriko Txapelketako finalak, 19:00etatik aitzin. Ultzamaldean sortu berri den taldea lehiatuko da bi proba konbinatuetan.

Ultzamaldeko Koadrilen Eguneko herri kirol desafioaren ondorioz sortu zen taldea. Larraintzarko Ander Arbilla da kideetako bat: "Hainbat kide bildu eta Nafarroa mailan herriz herriko txapelketan lehiatzeko talde bat osatzea erabaki genuen".

Ederki hasi dira, lehenengo proba Beran izan zuten eta bigarrena Antsoainen, bietan irabazi zuten eta, horrela, finalerako txartela lortu dute, bi probaldi konbinatuetan. Igandean, Burlatan, izanen dira finalak, 19:00etatik aurrera.

Lanak lokotxak, zakua, aizkora, korrika eta arpana izanen dira, lehenengo proba konbinatuan; Eta, bigarren konbinatuan: ingudea eta txingak.

Herriz herriko txapelketan parte hartzeaz gain, erakustaldiak ere ari dira egiten gure eskualdean. Larraintzarko pestetan egin zuten lehenengoa, eta Iraizozko pestetan ere izanen dira, irailaren 14an: "Iraizozko pestetan, larunbatean, ere izanen gara. Horrelako gehiago egiteko irekiak gaude". Beraz, interesa duenak taldearekin jarri daiteke harremanetan.

Ander Arbilla, gainera, Nafarroako Herri Kirol txapelketako lokotx biltzean izanen da bihar, Arantzan, 18:00etan. Bertan, finalean gainera, kasu honetan aizkoran, Olagueko Beñat Senosian gaztea ere arituko da.