Landa eremuari ahotsa jartzeko, gazteen bila

Amezti.eus 2024ko abu. 1a, 11:34

Cederna Garalur, beste eragile batzuekin lankidetzan, gazteen bila ari da komunikazio kanpaina baterako haien ekarpenak jasotzeko.

Komunikazio kanpainia ahalik eta eraginkorren izatea nahi dute, eta, modu horretan, landa eremuaren benetazko errealitatea kontatu, ikuspegia aldatu, eta landa eremua aktibatzen laguntzea.

Maite Sanchez Elso, Cederna Garalurreko teknikaria da: "Landa eremuaren inguruan guztiok hitz egiten dugu baina landa eremuak ez du bere historia kontatzen. Eragin gehien dituzten prentsa oharrek eta albisteek landa eremuak jasotzen dituen diru laguntzen edo dituen arazoen ingurukoak izaten dira. Landa eremuko herritarrek beren errealitatea zein den, dituzten proiektuak, egiten dituzten gauzak, nolakoa den haien bizia kontatzea falta zaigu".

Horretarako, herritar guztiei zuzendutako komunikazio kanpinia bat osatu nahi dute, eta, 18 eta 30 urte bitarteko gazteen ikuspegia jaso nahiko lukete. Haiekin hainbat saio egin nahi dituzte, komunikazio kanpaina beraiekin alderatu eta haien iritzia jasotzeko asmoz. "Gazteekin lan egin nahi genuen, landa eremuko etorkizuna direlako. Baita diskurtsoa berritzeko ere, freskatzeko. Sare Sozialak gu baino hobeto menderatzen dituzte, gu zaharkituta gelditu gara komunikazioan, prentsa oharrez haratago ez ditugulako bestelako tresnak erabiltzen, edo ez apropos".

Zortzi saio izanen dira, gehienez bi ordukoak, urritik abendura bitartean eta gehienak online. "Gure asmoa ez da boluntarioek komunikazio kanpainia egitea. Guk asistentzia teknikoa kontratatuko dugu eta hark proposamen bat eginen digu. Hura gazteekin alderatu nahi dugu, gazteek proposamen hori baloratzea, haien iritzia jaso eta esaten diguten arabera aldaketak egitea". Laguntza horregatik ordainsaririk ezin diete eman, baina konpentsatuko dituzte, landa etxe bateko egonaldi batekin, bazkari edo afariren batekin edo antzeko sariren batekin.

Boluntario gisa izena emateko idatzi maitesanchez@cederna.es helbidera edo deitu 610 18 71 02.

Kooperazio proiektu batean kokatzen da eta Cederna Garalurrekin batera TEDER, EDER eta Zona Media eragileek lan eginen dute. Ondoren, komunikazio kanpainiaz aparte, ekintzak eginen dira Nafarroako eremu guztietan, zonalde bakoitzak bereak antolatuz. Esate baterako, Piriniotan, aisialdi egun bat antolatzen ari dira.