Maila bikainean aritu dira eskualdeko herri kirolariak Nafarroako txapelketetan

Amezti.eus 2024ko uzt. 16a, 11:56

Urtero bezala, Iruñeko Sanferminak Nafarroako herri kirol txapelketen gune bihurtu dira aurtengoan ere. Modalitate desberdinetako txapelketak jokatu dira, eta, eskualdeko kirolari franko lehiatu dira aurten ere. Iraizoz ahizpek eta Barberena anaiek eskuratu dituzte txapelak, arpana txapelketan.

Uztailaren 10ean jokatu ziren Nafarroako Arpana Txapelketak, emakumezkoenak eta gizonezkoenak. Bietan, txapelak eskualdera etorri dira: Eltsoko Ainhoa eta Maria Iraizoz ahizpek 8 minutu eta 41 segundotan bukatu zuten lana, lehen postua eskuratuz. Etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 epai egin behar izan zizkioten. Aipatzekoa, bestalde, uztailaren 14an Markina-Xemeinen jokatutako Euskadiko trontza txapelketa ere irabazi berri dutela ahizpek.

Gizonezkoen kasuan, Iraizozko Iñaki eta Josetxo Barberena anaiek irabazi zuten Nafarroako arpana txapelketa, lanak 14 minutu eta 39 segundotan amaituta. Etzanda jarritako kanaerdiko enborrari 14 epai eta zutik jarritakoari 4 atera behar izan zizkioten. Aipatzekoa, gizonezkoen txapelketan parte hartu zuen bigarren bikotea ere eskualdekoa izan zela: Aizarozko Jon Etxeberria eta Urritzolako Aritz Legarrea. 16 minutu eta 14 segundotan amaitu zuten lana bigarrenek.

Uztailaren 11n, gizonezkoen III. mailako aizkora txapelketako kanporaketa ospatu zen. Bertan, eskualdeko bi ordezkarik hartu zuten parte: Beuntzako (Atetz) Markel Iturraldek eta Olagueko (Anue) Beñat Senosiainek. Lehen bost sailkatuek finalerako pasea lortu zuten, tartean, Beñat Senosiainek. Abuztuaren 17an jokatuko da finala, Arantzan.

Uztailaren 12an, ingude altxatze txapelketak jokatu ziren, gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan. Maika Iraizoz ultzamarrak parte hartu zuen emakumezkoenean, Maika Ariztegiren aurka. Bigarren postuan gelditu zen kirolari ultzamarra, 9 kiloko ingudeari 79 altxaldi eman zizkion minutu t'erdian, Iturengo aurkariak 93 eman zizkion bitartean.

Bukatzeko, bikotekako aizkora txapelketan Oier Kañamares aroztegiarrak hartu zuen parte, Jon Rekondo leitzarrarekin batera. Hirugarren postuan gelditu ziren, lanak 29 minutu eta 28 segundotan amaituta. Sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako enbor moztu behar izan zituzten.

Aipatzekoa, bestalde, Pello eta Manolo Kañamaresek uztailaren 9ko zerratoki erakustaldian parte hartu zutela. Bizi-bizi dago eskualdean herri kiroletarako afizioa, Sanferminetako presentzia nabarmenak erakusten duenez.