Ultzamako Osasun Eskualde Oinarrizkoa osatzen duten udalek, Nafarroako Gobernuari Pediatria Zerbitzua berrezartzea eskatu diote

Amezti.eus 2024ko uzt. 23a, 10:06

Anue, Lantz, Odieta, Basaburua eta Ultzamako Udalek mozioak onartu
dituzte Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuari eskatzeko
beharrezko baliabide guztiak jar ditzala Ultzamako Osasun Eskualde
Oinarrizkoko pediatria zerbitzua ahalik eta lasterren martxan egon dadin.

Ultzamako Osasun Eskualde Oinarrizkoa osatzen duten udalek, jakinarazi dute, eskualdea, despopulazio-arriskuan dagoena, gaur egun egoera kritikoan aurkitzen dela pediatra lanpostuan dagoen ezegonkortasunagatik. Ekainaren 20tik, pediatria zerbitzurik ez dagoela salatu dute, eta horrek hutsune nabarmena sortu duela. Arreta falta horrek familiak Iruñera mugitzera behartzen baititu, baita eragozpen eta zailtasun askori aurre egitera ere.

Hori guztia kontuan harturik, eta egoera hori aspalditik errepikatzen dela kontuan
izanik, udalek mozioak onartu dituzte eta Nafarroako Gobernuko Osasun
Departamentuari eskatu diote, beharrezko baliabide guztiak jar ditzala Ultzamako
Osasun Eskualde Oinarrizkoko pediatria zerbitzua ahalik eta lasterren martxan jarri eta
une honetan sortutako hutsunea bete dadin.