Cedernako kideen esanetan, Lan eta Bizi prozesuak gure herrietan lan eta bizitzeko aukerak berriak zabaltzen laguntzea du helburu. Mendialdean dauden beharrei eta ideiei, besteak beste, erantzun kolektiboak ematea eta tokiko eragile eta herritarren artean subjetu kolektiboak eraikitzea bilatzen du prozesuak. Horretarako eredu bezala ekonomia sozial eraldatzailea hartuko da ardatz bezala, lurraldearen burujabetzan sakontzea eta proiektu iraunkor eta erresilienteagoak sortzea ahalbidetuz.
Imotz eta Basaburua udalerriak biltzeko Jauntsaratsen saioa egingo da, ekainaren 18an, eta interesa pizten zaion herritar eta eragile orori bideratuta dago. Saioan, ekonomia sozial eraldatzailearen eta herri kooperatiba ereduen inguruan solastuko da eta modu dinamikoan herritarren beharrak, interesak eta proiektuak azaleratuko dira. Saio honen ondoren, udazkenean, formakuntza egingo da ekonomia sozial eraldatzailearen, proiektu kolektiboen, herri kooperatiben, eta abarren inguruan eta sortzen diren ekimenen prozesuan lagunduko da.
Etorkizunean gure herrietan garatu nahi diren ekimen eta proiektuak garatzeko jakintza eta baliabideak berton sortu nahi dira, tokiko potentziala sendotzeko eta elkarlana eta sareak bultzatzeko. Euskal Herriko hainbat txokotan martxan dauden esperientziak ere partekatuko dituzte.