IA, ia! Inteligentzia Artifiziala eta konposizioa? da kontzertuaren izenburua. Musikarekin batera, hausnarketa ere eskainiko baitute Basaburuko zazpi ikasleek. Pianoa, trikitixa eta perkusioa izanen dira nagusi, bakarreko eta elkarrekin joko dituzten lanetan.
Bederatzi lan eskainiko dituzte, Jabier Irigoien eskolako zuzendariak azaldu digunez: "Zazpi ikasle ditugu Basaburuan, ez dira asko, baina oso emankorrak, bederatzi lan eginen dituzte".
IA, ia! da kontzertuaren izenburua, izan ere, erronka berezia planteatu zuten kontzertua prestatzen hasi zirenean: "Nahiko zaila zen IA oraindik ez baita oso-oso inteligentea (barreak)". Irigoienek adierazi digunez, bi kanten arteko nahasketa egiteko eskatu zioten IAri, baina ez zen nahi zuten bezala atera: "Ez du islatzen ongi ikasleek duten gogo hori eta ez ditu konposizioak eskatu bezala egiten. Oso konposizio ortopedikoa atera zen edo batere naturala, ikasle batek dituen ezaugarriak islatzen ez dituen konposizioa”. Horregatik, ohiko kontzertuei atxikitzea erabaki zuten. Gaur, 19:00etan, Jauntsaratsen, Oihanzabal eskolako patioan.
Gaur, Jauntsaratsen, atzo Larraintzarren izandako arrakastaren ondoren. Ultzamako ikastetxeko jantokian egin behar izan zuten, izan ere, 50 ikaslek parte hartu zuten, eta, aretoa, gainera, ikuslez bete zen.
Bihar Arribe-Atallun izanen dira eta ostiraleko Goizuetako kontzertuak emanen dio bukaera ikasturte amaierako emanaldiei.