Ultzamako gimnasio berria, zabalik

Amezti.eus 2024ko mai. 13a, 17:19

Maiatzaren 8an eta 11n ireki zituzten ateak lehenengo aldiz, herritarrek instalazioak ikusteko eta ariketarako makinak erabiltzen ikasteko. Eta, gaurdanik, martxan da.

Gaurdanik zabalik da Ultzamako gimnasio berria eta astelehenetik larunbat bitartean 8:00etatik 22:00ak bitartean erabili ahalko da. Sarrerak sistema elektroniko bidez funtzionatuko du, hau da, abonatuek giltza elektroniko bat izanen dute atea irekitzeko. Betiere, ordutegi horren barruan, giltzak ordutegiz kanpo ez baitu funtzionatuko. Bonoa egiteko, ultzama.eus udalaren webgunean aurkitu daitekeen esku orria bete behar da. Erroldatuendako 130 euro izanen dira urtean; eta, erroldaturik ez daudenendako, 160 euro, urtean.

 

Gimnasioak bi gela nagusi ditu: bata, ariketak egiteko makinekin; bestea, ispilu handi bat duen eta hutsik dagoen gela, erabilera anitzetarako. Taldearen tamainaren arabera, bertan eskainiko da udalaren kirol eskaintza: yoga, pilates, aerobik, GAP, esate baterako. Gimnasioak, gainera, monitorea ere eskainiko du astean bitan, baina eguna eta ordutegia ez dago zehaztuta oraindik.

 

 

Osasunerako gunea

 

Bi gela horietaz gain, kirol instalazioek fisioterapeuta zerbitzua ere izanen dute. Horretarako gela txiki bat jarri da eta haren kudeaketa lehiaketa publikora aterako da.

 

Eta, hori gutxi balitz, kirol errezeta ere jarriko da martxan, osasun etxearekin lankidetzan. Horrela, osasun etxetik kirol errezeta jasotzen duen herritarrak gimnasiora joan ahal izanen da, eta monitoreak berari egokitutako ariketak jarriko dizkio. Helburua, gaixotasun batzuen ondorioak edo osasun arazoak arintzea litzateke, kirolaren bidez, ahal den heinean.