Errugbi gaupasaren hogeigarren edizioa, larunbat honetan

Amezti.eus 2024ko api. 9a, 11:00

Larunbatean izanen da BRT Menditarrak taldearen Errugbi Gaupasa, Larraintzarren. Egun osoko egitarau zabala antolatu dute, eta aurtengoa, gainera, berezia izanen da, 20. edizioa izanen baita. Maite Ibarra jokalariarekin eta gaupasaren antolatzailearekin hitz egin dugu gaurko saioan.

Berrikuntzen artean, erasoen aurkako protokolo propioa jarri dute martxan aurtengoan BRTko nesken taldetik. Ibarrak nabarmendu duenez, auzolana da gaupasaren antolakuntzan oinarri, eta jende asko ariko da txandak eta boluntario lanak egiten. Gogorarazi duenez, errugbi taldeen biziraupenerako ekimen oso garrantzitsua da larunbatekoa, diru-iturri nagusi baitute.

Egitarauari dagokionez, errugbi 7-ko txapelketarekin ekinen diote egunari arratsaldeko 15:00etan. Arratsaldean, BRT zirkua, haurrendako puzgarriak eta Tuku-Tuku txaranga izanen dira. 20:00etan, berriz, urteroko zozketa eginen dute frontoiaren atarian, eta segidan, kontzertuei emanen diete hasiera. Los Zopilotes Txirriaos, Bizphiru Pelau, DJ Kapitan General eta DJ Sahi ariko dira goizaldera arte.

Aurten, bina autobus izanen dira Gaupasatik etxera joateko. Bata kontzertuen ondoren, eta, bestea, gaupasaren ondoren. Batetik, Iruñera itzultzeko eta, bestetik, Elizondo eta Doneztebera.