Koadrilen eguneko desafioan izena emateko epea, zabalik

Amezti.eus 2024ko mar. 25a, 12:26
Joan den urteko desafioan barte hartutako kuadrillak.

Pasa den urteko arrakastaren ondoren, ekainaren 15ean izanen da aurten. Izen ematea, zabalik, apirilaren 30era arte.

Ultzamaldeko gazteek antolatu zuten lehenengo aldiz joan zen urtean, eta jende pila bildu zuen. Horregatik, aurten errepikatuko dute eta hasi dira antolatzen dagoeneko. Data ere badugu, ekainaren 15ean eginen da Larraintzarko frontoian.

Ekimen nagusia herri kirol desafioa izanen da aurten ere. Eta izena emateko epea zabalik da honezkero. Whatsappez egin daiteke 678 276 259 telefonora idatziz. Adi, plazak mugatuak baitira: talde bakoitzak hamaika kide izan ditzake.

10 taldek parte hartu zuten pasa zen urteko lehenengo edizioan, hau da, 110 pertsona bildu ziren desafioan. Gainera, frontoiko harmailak herritarrez bete ziren eta izugarrizko giroa sortu zen.

Desafioa bukatuta, festa ere izan zuten Larraintzarren. Modestok jarri zuen musika bazkalostean, ondoren, The Piojos rockeroek; eta, bukatzeko, DJ Bakok. Aurtengo kartela ez da osatu oraindik.