Korrika kulturala, eskualdean

Amezti.eus 2024ko ots. 26a, 11:16

Korrikak martxoaren 14tik martxoaren 24a bitartean zeharkatuko du Euskal Herria, tartean gure eskualdea, martxoaren 19an. Iritsi bitartean Korrika kulturala dugu.

Korrika kulturalaren egitaraua osatzeko bi batzorde sortu ziren gure eskualdean. Bata Imotzen eta Basaburuan; eta, bestea Ultzaman. Basaburuan hasiera eman diote, honezkero, egitarauari. Osatiralean euskal mahastizainen ardo dastaketa egin zuten Gartzaronen, eta, txartel guztiak amaituta, 30 bat pertsona bildu ziren. Baina, martxoaren 15a bitartean, dokumentalak, antzerkia, magia ikuskizuna eta beste hainbat hitzordu izanen dira. 

Ultzaman, berriz, martxoaren 10ean jarriko dute martxan egitaraua. Bertsoa, dokumentalak eta magia izanen da astebetez.

Ondoren, 23. korrika bera etorriko da. Martxoaren 14an hasiko da Irunen eta 24an amaituko da Baionan. Gure eskualdea martxoaren 19an zeharkatuko du, asteartearekin. Irurtzun atzean utzi eta Imozko Latasatik sartuko da gurean. 9:34ean gertatuko da hori, ordutegia aurreikusi bezala betetzen bada, behintzat.

Latasatik Erasora joanen da. 10:00ak jo baino lehen sartuko da Erason eta, Oskotzera abiatu baino lehen, Etxaleku ere igaroko du 10:10ean. Ondoren, Oskotzerako bidea hartuko du, eta Oskoztik Eritzegoitirantz abiatuko da, Atetzen sartzeko, 11ak pasatxo. 11:15ean iritsiko baita Eritzera eta hortik Odieta eta Ultzamarako bideak hartuko ditu.

Odietan Gelbentzu zeharkatuko du, 11:40ak pasata. Ultzaman, Lizaso, Larraintzar eta Auza igaroko ditu; 12:00ak eta 12:30ak bitartean. Ondoren, Basaburura sartuko da, Jauntsaratsera 13:26ean iritsiko da, eta, Jauntsaratsen, Berueteko bidean gora joanen da. 14:00etan Basaburua atzean uzten joanen da eta Aldatzerako bidea hartuko du.