Elkarrizketa

140 eragilek Elikadura burujabetzan oinarritutako politikak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari

Amezti.eus 2024ko ots. 12a, 11:00

Traktoreek kaleak hartu dituzten azken egunotako testuinguruan, Nafarroan, elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren aldeko politikak bultzatzea eskatu diote 140 eragilek Gobernuari. Besteak beste, Habelarte eta Belardi ekoizleen elkarteak, Plazara!, Etxalde, Bizilur, Hazialdeko eta Ekoalde elkarteak, LAB eta ELA sindikatuak daude manifestuaren sinatzaileen artean, eta baita hainbat ingurumen erakunde eta udal eta kontzeju ere. Gotzone Sestorain ekoizleak eta Habelarteko kideak eman dizkigu xehetasunak gaurko irratsaioan.

Egungo elikadura-sistema eraldatzeko 60 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte ekimenaren bultzatzaileek, tartean, abeltzaintza industrialari mugak jartzea, ustiategiak desintentsifikatzeko neurriak martxan jartzea eta ur-aztarna txikia duten nekazaritza eta abeltzaintza ereduak sustatzea, beste askoren artean.

Manifestu osoa irakurtzeko egin klik hemen.