Elkarrizketa

Sega belardietarako diru-laguntzak, NPBren berrikuntza

Amezti.eus 2024ko urt. 16a, 11:00

NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren (gazteleraz PAC deritzonaren) barruan, diru-laguntza atal berri bat jarri dute martxan, balio natural handiko sega belardiak babesteko. Cederna Garalur Elkarteak, Mendialdeko Elikadura Mahaiarekin elkarlanean eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin, gaiaren inguruko bi hitzaldi antolatu ditu eskualdetik hurbil. Asteazkenean, Elizondoko Arizkunenean 18:00etan, eta ostegunean, Mugiroko Gabarinen 16:00etan. Silvia Zabalzak xehetasunak eman dizkigu Esan Erranen.

"NPB barruan dago diru-laguntza hau, periodo berri bat hasi baitzen iaz, 2023an. Aldi honetan, teorian, ingurumen helburuek pisu handiagoa hartu dute, eta, helburu horien barruan, paisaia eta biodibertsitatea kontserbatzea da bat. Hor barruan hitz egiten da balio handiko natura sistemen babesa bultzatzeaz, eta hor barruan dator diru-laguntza berri hau". Nafarroako Ingurumen Kudeaketako teknikaria da Zabalza, eta bera izanen da hitzaldiak emanen dituena.

Zer dira sega belardiak?

Sega belardiak deitzen dira segatzen direlako, mozten direlako. Gure aurreko azterlanetan ikusi dugu kudeaketa praktika hori ez bada egiten, ez badira mozten, bakarra bazkatzen badira, ez dela lortzen nahi dugun flora aniztasuna. Balio natural handikoak dira sega belardiak, flora aniztasun handia dutelako. Praktika intentsiboa egiten bada, larre horietan ez da lortzen behar dugun bioaniztasuna. Esaterako, urtero edo bi urtean behin ereiten bada, purina botatzen bada, ongarri minerala erabiltzen bada, ezinezkoa da bioaniztasun hori lortzea belardietan. Bioaniztasuna ez da egun batetik bestera lortzen, eta sega belardi horiek  tradizionalak izaten dira normalean, kudeaketa hori dute duela urte askotatik.

Gure eskualdean badira horrelakoak?

Egon badira horrelakoak, nahiz eta ez asko izan. Ultzaman, Lantzen eta inguruan, abeltzaintza intentsiboa da nagusi, eta badaude belardi hauek, baina batez ere zonalde isolatuagoetan daude, mekanizazioa eta intentsifikazioa zailagoa den tokietan. Toki maldatsuetan balio natural handiko alorrak izatea ere errazagoa da. Odietan ikusi ditugu batzuk, Lantzen ere badira mendi aldean... badira, bai.

Nafarroan, zein eremutan dago horrelako gehien?

Nafarroako iparraldean leku gehienetan daude. Gutxi dira, baina sakabanatuak daude. Esaterako, zonalde oso aberatsa da Belagua ingurua. Sakanan ere badaude, Urbasarako bidean, Baztan aldean, Larraunen... leku askotan daude, baina badira zonalde bereziak ere. Horietako batzuk identifikatuta ditugu, baina badakigu beste asko egonen direla guk identifikatu gabeak.

Horregatik informazio zabaltze hau?

Bai. Alde batetik, larre horiek dituztenek jakiteko diru-laguntza hauek martxan daudela. Diru-laguntza hau nahiko modu berezian diseinatu da, berritzailea eta berezia da, eta horregatik erabaki genuen zabaltzeko kanpaina potoloa egitea. Jendeak ezagutzea eta eskatzea nahi dugu. Normalean, NPBren diru-laguntzak kudeaketan oinarritzen dira: zerbait egin behar duzu, betetzen duzu, eta laguntza jasotzen duzu. Honetan, ordea, desberdina da. Indikatibo batzuk diseinatu dira, eta fitxa batean bete behar ditu abeltzainak indikatibo horiek. Puntuaketa bat izanen du, eta zenbat eta puntu gehiago jaso, laguntza geroz eta handiagoa izanen da. Filosofia berri horretan, segur aski hasieran jendea izutu eginen da, zaila dela eman baitezake, baina ez, oso erraza da, eta ingurumen onurak lortzeko askoz erlazio argiagoa da. Ingurumen ikuspuntutik hobea da filosofia hau.

Nork eska ditzake, eta zein dira baldintzak? 

NPBren deklarazioa egiterakoan aukeratu behar da laguntza hori, eta adierazi zein larretarako eskatzen den. Baldintzak honakoak dira: abeltzainak izan behar dute eskatzaileak, NPB deklarazioa egin beharra dute, eta larreak lehen, bigarren edo hirugarren nekazaritza eskualdean egon beharra du. Gure eskualde osoa dago hor sartuta, beraz, ez dago arazorik zentzu horretan. Gero, fitxa bete behar da, eta puntuazio gutxienekoa lortu beharra da laguntza jasotzeko. NPBren kanpaina otsailaren 1ean hasiko da eta apirilaren 30ean bukatu. Tarte horretan eskatu behar dute laguntza, baina fitxa, loreak daudenean beteko dute, maiatzetik uztailera bitartean.