Korrikak martxoaren 19an zeharkatuko du eskualdea

Amezti.eus 2024ko urt. 11a, 13:30

9:30ak pasatxo sartuko da Latasatik (Imotz), eta, Beruete izanen da iraganen duen azken herria, 14:52an.

Sakanatik helduko zaigu 23. korrika, izan ere, Irurtzun atzean utzi eta Imozko Latasatik sartuko da gurean. 9:34ean gertatuko da hori, ordutegia aurreikusi bezala betetzen bada, behintzat.

Latasatik Erasora joanen da. 10:00ak jo baino lehen sartuko da Erason eta, Oskotzera abiatu baino lehen, Etxaleku ere igaroko du 10:10ean. Ondoren, Oskotzerako bidea hartuko du, eta Oskoztik Eritzegoitirantz abiatuko da, Atetzen sartzeko, 11ak pasatxo. 11:15ean iritsiko baita Eritzera eta hortik Odieta eta Ultzamarako bideak hartuko ditu.

Odietan Gelbentzu zeharkatuko du, 11:40ak pasata. Ultzaman, Lizaso, Larraintzar eta Auza igaroko ditu; 12:00ak eta 12:30ak bitartean. Ondoren, Basaburura sartuko da, Jauntsaratsera 13:26ean iritsiko da, eta, Jauntsaratsen, Berueteko bidean gora joanen da. 14:00etan Basaburua atzean uzten joanen da eta Aldatzerako bidea hartuko du.

23. korrika martxoaren 14an hasiko da Irunen eta Baionan amaituko da martxoaren 24an; 2700 kilometro eginen ditu, osotara. Ibilbidea ezagutu dugu honezkero, eta, kilometroak erosteko epea otsailaren 1ean zabalduko da.

KORRIKA Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.

1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen KORRIKA antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da.