Euskal Herriko mus txapelketa hasi da

Amezti.eus 2024ko urt. 6a, 20:00

Eskualdean, Izarpe kanpineko kanporaketa jokatu da honezkero; eta, Iraizotzen izanen da hurrengoa.

Herriz herrikako txapeldunak otsailaren 25ean jakinak izan behar dira, beranduenez. Iraizokoa urtarrilaren 14an izanen da, ostatuan, 16:00etatik aurrera.

Aurretik Izarpe kanpinekoa izan da, honezkero. Abenduaren 29an jokatu zen eta hamaika bikotek parte hartu zuten. Horietako bi sailkatu dira Nafarroako finalerako. Txapeldunak izan ziren Tomas Iurramendi eta Jon Etxeberria; eta Oier Kañamares eta Mikel Ibero txapeldunordeak.

Izarpeko eta Iraizozko kanporaketez gain, Igoan, Gartzaronen eta Apeztegiberrin ere jokatuko dira, baina oraindik ez dago data zehatzik. Gainera, Lantzen eta Berueten ere antolatu nahi dira.

Esan bezala, otsailaren 25a baino lehen jokatu behar dira herriz herrikako saioak. Ondoren, martxoaren 9an izanen da Nafarroako finala, eta, Euskal Herrikoa, martxoaren 23an izanen da, Altzain (Zuberoa).

Euskal Herriko mus txapelketaz gain, beste bat ere izanen dugu eskualdean, datozen asteetan. Izarpe kanpineko mus txapelketaz ari gara. Urtarrilaren 12an hasi eta otsailaren 2a bitartean, ostiralero, izanen da bikoteen arteko lehia, 22:00etatik aitzin.