Larraintzarko kirolariei omenaldia egin diete

Amezti.eus 2023ko abe. 27a, 09:41

Herri txikia izanagatik ere, kirol desberdinetan izen handiak eman ditu Larraintzarrek, eta eguberrietako oporrak aprobetxatu dituzte kirolaren munduan ezagun egin diren zenbait herritar omentzeko.

Hor daude Andoni Gaskue pilotari ezaguna, Cuco Ziganda Osasunako eta Athletic-eko jokalaria eta entrenatzailea izana, Anaitz Arbilla Eibarko futbolaria, Carlota Ziganda golf jokalaria, eta Julian Lajos pilotari zendua, beste askoren artean. Abenduaren 24an egin zuten ekitaldia. 

Bada, eguberrietan herrian izaten direla aprobetxatuz, omenaldia egin nahi izan die bere kirolariei Larraintzarrek. Kontzejuak antolatu zuen omenaldi ekitaldi xumea, eta giro ederrean elkartu ziren diziplina desberdinetako kirolariok. “Harro gaude lau kirolariok gure herri txiki hau munduan, Europan nahiz Euskal Herrian ezagun egiteagatik”, aitortu zien kontzejuko alkateak kirolarioi. 

Amaitzeko, Larraintzarkoak ez baina oso hurbilekoak dituzten beste bi kirolari ere gogoan izan zituzten: Peio Etxeberria pilotari zenoztarra eta Aritz Begino Auzako pilotari erretiratua.