Amaia Paz, Berdintasun Teknikaria

"Emakumeekiko indarkeriarekin konplize diren diskurtso eta jarrerak salatu ditugu aurtengo kanpainan"

Amezti.eus 2023ko aza. 23a, 11:00

Indarkeria matxistaren kontrako eguna izanen da larunbatean, eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko berdintasun alorretik nahiz mugimendu feministatik hainbat ekimen antolatu dira egunari begira. Amaia Paz Vallejo berdintasun teknikaria elkarrizketatu dugu gaurko saioan, eta indarkeriaren inguruan aritu gara berarekin. Instituzioetatik bultzatu duten aurtengo kanpainarekin gizonezkoak interpelatu nahi izan dituztela azaldu digu.

Ostiralean bi dokumentalen proiekzioak izanen dira, 19:00etan. Larraintzarko Gizarte Etxean Patriarcado, organismo nocivo pelikula izanen da, eta bestea, Jauntsaratsen, Apeztegiberriko ganbaran: Sasiak eta Haziak. Igandean, berriz, Imotzen, Zaparen etxolan, Bellas dokumentala egonen da ikusgai.

Mobilizazioei dagokionez, ostiralean, azaroaren 24ean 11:00etan kontzentrazioa eta adierazpen instituzionalaren irakurketa eginen dute Ultzamako Gizarte Zerbitzuetan eta Basaburuko udalean; larunbat goizean, 12:00etan, Anueko udalean kontzentrazioa eginen dute; eta Basaburuko Bilgune Feministak, berriz, larunbatean 13:00etan deitu du kontzentrazioa, Aizarotzen.