Baratzea landu dute maila desberdinetako ikasleekin, eta guraso elkartearen eta mankomunitatearen laguntzarekin, bost bankal berri jarri ahal izan dituzte aurten. Bankalak prestatzeko ere, familien parte hartzea izan dute, eta denen artean antolatu dituzte baratzeak. "Onura pedagogiko asko ditu baratzeak, batez ere haiek ikustea prozesua, askok etxean badute baratza, baina hemen haiek ari dira lanean, eta elkarlanean ari dira gainera. Pixkanaka ikusi dute nola doazen landareak, nola zaindu behar den baratzea".
Aurrera begira, baratzearen inguruko proiektu zabalagoa martxan jartzea dute helburu, bailarako eragile desberdinekin batera. Esaterako, jubilatuen elkarteekin elkarlanean zerbait egiteko aukera ikusten dute, denen artean proiektu finkoago bat abiatzeko.
Hondakinen kudeaketaren alorrean, aspalditik zuten kezka, jangelatik janari asko soberan gelditzen zelako, eta horrekin zer egin. Mankomunitatearen laguntzarekin ere, konpost sistema berri bat jarri dute, lauzpabost kutxatan, janari hondakinak hartzen dituzte, eta hondakin ontzi horietan botatzen dituzte.
Biodibertsitatearen gaiari dagokionez, hainbat tailer egin zituzten, material birtziklatuekin txorimaloak egiteko, haietako batzuk baratzean jarri ziren. Bestetik, David Berasategirekin ekintza gehiago ere egin zituzten, horietako zenbait ikastetxean, eta beste batzuk, berriz familiekin. Hegaztiak ikasteko ateraldia eta ugaztunen aztarnen inguruko saio bat ere egin zituzten.