Eskutitza

Euskara hurbil, zu urrun heltzeko

Amezti.eus 2023ko urr. 31a, 09:42
Ultzaman 9 ikasle ikasten ari dira euskara

Hamar urtez AEKrekin Atetzen aritu den B1-B2 euskara mailako taldea, kolokan da. Gainera, C1 taldea atera nahi dute Ultzaman. AEK-k eskutitza bidali digu herritarrak apuntatzera animatzeko.

AEK bailaran euskara taldeak osatzeko lanean ari da. Hamar urte dira Erizegoitin lagun talde bat euskara modu praktikoan lantzeko eskolak jasotzen hasi zela. Aurten, zoritxarrez, ez da momentuz jende nahikorik bildu hasi ahal izateko. Horregatik, zure parte hartzea eskatzen dugu, euskaraz ikasten jarraitzeko.

 

Eskolak B1-B2 mailakoak izango dira, alegia, euskara maila ertainekoak. Aurretik esan bezala, modu praktikoan egiten da lanketa, batez ere, mintzamena eta komunikazioa lantzeko. Eskolak arratsaldeetan izango dira eta hiru tokitan izan daitezke: Erizegoitin, Odietan edo Larraintzarren. Izena ematen dutenen artean erabakiko da kokapena eta ordutegia.

 

Bestalde, Larraintzarren C1 mailako taldea osatzen ari gara, baina hemen ere jendez justu gabiltza. Eskolak astelehen goizetan izango lirateke, 9:00etatik 13:00era.

 

Azkenik, bailarako 9 ikasle hasi dira aurten euskara hasieratik ikasten. Saioak Larraintzarren izaten dira astelehen eta ostegunetan 15:30etik 18:00etara. Talde honetan ere izena eman dezakezu eta giro bikainean euskaraz ikasten has zaitezke.

 

Ikasturtearen kostua diru-laguntzez babestuta dago, beraz, nahiz eta matrikula ordaintzeko dirua aurreratu behar den, asistentzia ona baldin bada, ikastaroa bukatu ondoren, diru-laguntza jasotzen da.

 

Izena eman nahi baduzu deitu telefono hauetara edo idatzi posta elektronikoz:

- larraun@aek.eus

- Ultzama-Larraungo AEK: 948 604 704

- Mattin: 636973923

 

Zure zain izango gara, eskerrik asko!

 

Ultzama-Larraungo AEK