'Musikari txikiak' tailerrean izena emateko azken eguna

Amezti.eus 2023ko urr. 24a, 11:00

Aralar Musika Eskolak 0 eta 3 urte bitarteko haurrendako 'Musikari txikiak' tailerra antolatu du aurten ere. Basaburuan eta Ultzaman dute izena emateko aukera haurrek, baina izena emateko epea urriaren 24ean amaituko da. Aitor Artola tailerraren arduraduna elkarrizketatu dugu gaurko irratsaioan, xehetasunak ezagutzeko.

Artolak adierazi duenez, saioetan, gurasoekin batera aritzen dira haurrak. "Haurraren eta gurasoen arteko lotura afektiboa indartzeko, musikaren unibertsoarekin gozatzeko eta txikitxoaren zentzumenak esnatzeko" helburuarekin abiatu zuten duela zenbait urte tailerra lehenengoz. Eskariaren arabera antolatuko dituzte ordutegiak, eta lau saio izanen dira guztira. Prezioa, berriz, 45 eurokoa izanen da. Informazio guztia, aralar.org webgunean, eta izena emateko telefonoa, berriz, hauxe: 672 122 472.