Olaguen festa ederra: Anueko apezari omenaldia

Txurdan 2023ko abu. 29a, 14:59
Ermita aurrean apezarekin batera dauden emakumeak. Olagueko koroa da, elizkizun gehienetan parte hartzen dutenak. Emakume hauen laguntza izugarri laudatzen du Agustin apezak.

Agustín Elizalde Apeztegia Lanzko eta Anueko apezari omenaldia egin zioten Olaguen. Laurogeita hamar urte beteak, oraindik ere lanean dirau.

Agustin Elizalde Apeztegia, Anueko apeza dugu, adinez gora den gizona, gorputzez ttiki antzekoa, bizia eta alaia izatez, eta serioa bere egintzetan.

 

Laurogeita hamar urte beteak eta oraindik ere hor dirau lanean, ahal guzia eginez, Anueko herri guzietako parrokoa baita, eta Lanzkoa ere bai. Urtetan gora eta hala ere, osasunez, jarreraz, bizipozaz… ongi, biziki ongi. Lanean, eta ahal duen guzietan eta guziei, mesede egiteko beti prest. Gizon honi Anueko herriek Amabirjina abuztukoan, 15ean, egin zioten omenaldia. Berak deus jakin gabe, Olagueko Andre Mariaren Ermitaren 50. urteurrena zela eta, bertan prestatu zioten dena. Urteurrena aitzaki, baina berez Don Agustini omenaldia egitea zen xede. 14 urte daramatza Anue eta Lanzko apez eta arrunt maitatua da misiolari zaharra.

 

Iruñeko Artzain Ona apez Egoitzan bildu gara Don Agustinekin eta hona bertan hitz egindakoaz azalpenak:

Bere bizitzaz, labur-labur, honako kontu hauek aipatuko genituzke:

Zugarramurdiko Joangonean sortu zen 1933ko urtarrilaren 3an. Maistrua zuen aita. Jaunartzea Zugarramurdin egin eta 1941. urtean familia osoa Elizondora lekualdatu zen. Estankoa jarri zuten.

 

Ikasketak

Herriko eskolatik pasa eta urte pare batez Lekarozko kolegioan ikasi ondoren, 12 urtetan, Nafarroako Seminariora. 1949an, berriz ere aldaketa; apez osaba batek Agustin eta honen anaia Julian, Comillasen Jesuitek zuten Seminario famatura pasarazi zituen. Anaiak, ikasketak bukatu eta jesuitekin segitu zuen eta jesuita izanen zen eta da. Bera, aldiz, elizbarrutiko apez.

 

Agustinek, Elizondon eman zuen Meza berria, 1957. urtean, San Pedro egunez, 24 urtetan. Eta laneko lehen lau urteak Madrilen egin zituen La Cruzada de Santa Maria zeritzan eliz elkartean. Ondoren Iruñera etorri eta Seminarioan aritu zen aita espirituala lanetan (on fama nuen, erlijioz kartsua –irribarrez erran digu)

 

Garai nahasiak, gogorrak, borrokaz beteak

Vaticano II.a kontzilioaren ondoren Elizako urak berritu bai, baina nahasi eta borroka sortu zen. Adibidez, sei urte zeramatzanean, Iruñeko Artzapezpikuak irakasle guziak bota zituen Seminariotik. Eta Orbaitzetara, herri urrunera joan behar izan zuen. 1968. urtea egin zuen bertan.

 

Obispo berria, Tabera monsinorea Iruñerako izendatu zutenean, honek ekarri zuen Seminariora, Espiritu hezitzaile. Eta bertan bi urte egin zituen, 1969a eta 1970a.

 

Seminariotik Tuterara destinatu zuten 1971. urtean, Magdalena parrokiara. Eta bertan 30 urte egin zituen, 2001. urtera artio.

Teorikoki, jakina, zeren Tuteran egonik, Ameriketako lanaldiak egin nituen, Ameriketako urte guziez Tuterara itzultzen nintzen –erran digu.

 

Tuterako lehen garaiak oso nahasiak ziren, CCOO sindikatua, Frankoren azken urteak, langile borrokak…

Horrela aipatu digu:

Magdalenan ginen hiru apezak lanean aritzen ginen (cura obrero deituetakoak ginen) eta Parrokiako egin behar guziak geren gain genituen. Garai hartan apez langile izatea modan jarri zen, herritarrekin bat egin eta beren problemak askatzen saiatzea, beren lanlekuetatik hasita. Goizez lan arruntean eta atsaldez elizako lanetan.

Sindikatuan egon nintzen Tuterako Milagros Rubio politikari famatuarekin batera. Ezker fama hartu nuen.

 

Misiolari (1982-2001)

Nonbait bizitza horrek ere ez zuen gogobetetzen eta Hegoamerikara egin zuen salto, nahiz eta beti Tutera izan bere destinoa (misiotan izan zen urte guziez etorri izan zen hona hilabete bat egitera bere lanei segida emateko)

-Hori 1982an izan zen. Eta 2001 artio aritu nintzen misiolari.

Lehenik Paraguayko aldean ibili nintzen, bi urtez guarani ikasiz, bertako hizkuntza gordetzen baitute; Asuncion hiriburuan eta bertze zenbait tokitan katekesia ematen parrokietan.

Gero Txilera eraman ninduten, Santiagon, Txileko kapitalean, Copiapón eta bertze zenbait tokitan. Bertze bi urte egin nituen.

 

Ekuadorren luze, 14 urtez

Eta azkenik, 1988. urtean Ekuadorra Guayaquil hirira joan nintzen, bi parrokia sortzera, lau familia handirekin batera.

Guayaquil, Ekuadorko bigarren hiria, industriala, zabaltze denboran, Ekuadorko bazter guzietatik bildutako jende uholdea izan zen. Agustini hiriko toki bazterrean (aldirietan), jendea pilatutako tokietan lanean aritzea egokitu zitzaion. Zingira zabal batean egin behar izan zituzten etxeak etorri berriek; zingira erdian, dena palafito zen. Ahal zuen tokian jendea. Bizi baldintza txarrak eta bertze arazo batzuk ere ez ziren falta, ez horixe! Emakumea oso baztertua zegoen, umeak aurrera ateratzeaz bera zen arduratzen zena, eta gizonak libre zuen nahi zuenean andrea utzi eta bertze batengana biltzeko, umeak betiko ahantziz.

Ekuadorren bi parrokien sortzailea dugu. Ez gara bertako kontuez gehiago luzatuko, tokirik ere ez dugu eta.

 

Kikoekin aritu zen lanean, neocatecumenales deitzen direnekin.

-Nola izan zen aldaketa bortitz hori? Tuterako sozial inarrosaldia, ezkerrekoa, eta Kikoen espiritualtasuna, eskuinekoa, errate baterako?

-Nire bizitzan aldaketa handia izan nuen. Ohartu nintzen: gizonak behar duena da bere baitara bildu eta jakin Jesus bere Aitaren maitasuna gaztigatzera etorri zaigula. Benetan aldarazten gaituena MAITASUNA sentitzea dela. Sentitu behar dugu hori. Eta hori da gizona berreraikitzeko eta indarra hartzeko behar duguna; gure bizitza aldatzeko beharrezko duguna.

 

Eta noiz itzuli zinen gure artera?

Apezpikuak deitu zidan eta ekarri ninduen hona, Seminariora. Fernando Sebastian zen hori.

Zazpi urtez egon zen Agustin Seminarioan Zuzendari Espirituala zela bertako ikasleei laguntzen.

 

Ondoren, 2008an Fustiñanara igorri zuten eta urte bat egin zuen bertan, Seminarioa eta Fustiñanako parrokiako lanak biak batera eramanez.

2008. urtean Artzain Onaren Egoitza honetako zuzendariak utzi zuen kargua eta hona ekarri ninduten, eta geroztik hemen ari izan naiz lanean, Mikel Larranbebere izendatu duten artio. Eta hemengo Zuzendaritza lanez at, Anue eta Lanzko parrokietako lanak ere egin ditut.

 

Eta horrela bukatu du nirekin elkarrizketa:

Herrian bizitzea gustatuko litzaidake, jendearekin bizi behar da, baina…

 

Olagueko Andre Mariaren ermitan egin zioten omenaldia

Meza ondoren, aurreskua, opariak, musika, otamena… aunitz luzatu zen omenaldia jendea oso-oso gustura baitzen. Ekitaldia benetan herrikoia eta atsegina izan zen.

Eta aipatu gabe ezin utzi: jendearen eskerrona, poza eta adiskidetasuna bihotzez eskertu dituela, hori erran digu misiolari zaharrak.

Mezua emana dago, Agustin, eta ea urte anitzez gure artean izaten zaitugun; eta oraingo buru argi eta gogo bizkorrarekin bada, hobe!

 

Txurdan

 

Hiztegia

Dirau: irauten du

Xedea=helburua (finalidad)

Lekualdatu: bizitokiz aldatu

Zeritzan: deitzen zen

Kartsua: ferviente

Gogobete: satisfacer

Aldiria: inmediaciones, arrabal

Zingira: ciénaga

Palafitoa: palafito (zangoen gainean eraikitako etxea)

Ahantzi=Ahaztu=atzendu

Bortitza: fuerte, aldaketa bortitza, fuertea

Inarrosaldia: sacudida

Gaztigatu: avisar

Egoitza: Residencia, sede

Otamena: bocado, refrigerio

Mezua: mensaje