Goi Erdi Aroko nekropoli baten aztarnak, Auzan?

Amezti.eus 2023ko abu. 28a, 13:05

Goi Erdi Arokoak izan zitezkeen hamar hilobi aurkitu dituzte Auzan. Asteartean aurkitu ziren eta Aranzadiko arkeologo Daniel Ruiz Gonzalezek egin zuen lehenengo azterketa.

Ondoren, ostiralean, Ultzamako udalak baieztatu duenez, bilera egin zuten kontzejuak eta udalak Aranzadi elkartearekin eta Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea erakundearekin. Azken honek 900. eta 1000. urteetan kokatu ditu aztarnak, baina, ez du ikusten gehiago ikertzearen beharra. Udalak eta kontzejuak, ordea, bertan lurperatutako arbaso hauen inguruan gehiago jakin nahi dute eta agertutako gorpuzki bat ikertzeko lanak bultzatuko dituzte. Gainontzeko arrastoak ongi markatu eta babestuko dituzte, denborarekin kaltetu ez daitezen.

Aztarna arkeologikoak Auzako frontoiaren atzealdetik pasatzen den bidean aurkitu dira, Suarbera doan bidean. Pista hobetzeko eta hormigoia botatzeko lanak egiten ari dira, eta, obren zuzendaria den Igor Erbiti Salazar mendi ingeniariak aurkitu zituen asteartean. Erbitik bi hilobi ziruditenaren arrastoak ikusi zituen, eta, bietako batean, aztarna antropologiko argiak ikusten ziren. Zehazki, buruhezur bat, pelbisekoak eta bestelako hezur luzeagoak.

Horrela, berak eta Auzako kontzejuak deituta, Aranzadi Zientzia Elkarteko Daniel Ruiz Gonzalez historialaria eta arkeologoa bertaratu zen, asteartean bertan, arrastoak aztertzeko. Bi hilobi horietaz aparte, beste zortzi hilobien aztarnak baieztatu ditu Ruizek. Bere txostenean irakurri ahal izan dugunez: "ehorzketen eredua eta hilobien tipologia ikusita, baita taldekatzeko moduarengatik, zenbatekoarengatik eta orientazioarengatik ere, posible litzateke aztarna hauek Goi Erdi Aroko momenturen batetan kokatzea". Hala ere, Ruizek azpimarratzen duenez, beharrezko probak egin aurretiko behin behineko hipotesi gisa soilik hartu beharreko ondorioak dira hauek. 

Auzako bidearen ezpondan aurkitu dira hamar hilobiak

Lehenengo begi-bistako azterketa hauen arabera, "Auzako (edo beste herri bateko) herriguneari lotutako Goi Erdi Aroko nekropolia izan daiteke. Baliteke Behe Erdi Aroan abandonatutako edo gaur egungo Auzan birkokatutako herrigunea izatea". Hilobiek ekialde-mendebalde orientazioa jarraitzen dute eta, dirudienez, kristau erritoaren arabera lurperatu dira. Esan bezala, behin behineko hipotesiak dira hauek, eta, Ruizek txostenean adierazten duenez, informazio hau guztia kontrastatu beharko litzateke indusketa zabal batekin eta arrastoen eta dokumentazioaren ikerketa sakon batekin.