hauteskundeak

EH Bildu nabarmen gailendu da eskualdean Espainiako hauteskundeetan

Amezti.eus 2023ko uzt. 24a, 11:07

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izan dira uztailaren 23an. Gorteetarako Ultzama aldeko eskualdeko datuei begiratuta, EH Bildu izan da nabarmen gailendu den alderdia. PSNk segitzen dio atzetik, baina koxka handi bat beherago dago.

Ultzama aldeko zazpi udalerrietan egon diren Espainiako kongresurako hauteskundeetako emaitzak jaso ditugu artikulu honetan. Guztira, EH Bilduk 824 boz jaso ditu eskualde zabalean, eta PSNk, berriz, 354. Alderdi independentistak bikoiztu egin ditu bigarren postuan gelditu diren sozialisten bozak, eta, gainera, zazpi udalerrietan lortu du alderdirik bozkatuena izatea. 

UPN gelditu da eskualdean hirugarren postuan, 280 bozekin; eta PP eta Sumarrek boz kopuru berbera lortu dituzte Ultzama aldean: 245. Uda betean ospatu diren lehen hauteskunde hauetan, abstentzioa ere kontuan hartzeko modukoa izan da. Batez beste, %30,91 puntukoa izan da eskualdeko abstentzioa. Datuak herriz herri aztertuko ditugu behean.

Imotz

EH Bilduk jaso du boz kopuru handiena, 88 guztira. Sumarrek eta PSNk 39na boz jaso dituzte; eta PPk, Geroa Baik eta UPNk 20 bozeko berdinketa izan dute. Abstentzioa, udalerri honetan, %31,21 puntukoa izan da.

https://amezti.tok-md.com/argazkiak/wIr/Imotz.png

Basaburua

Basaburuan ere EH Bilduk jaso ditu boz gehien, diferentzia handiarekin gainera: 286 boz jaso ditu alderdi independentistak, eta bigarren postuan gelditu den PSNk, berriz, 52. Abstentzioa, kasu honetan, %30,72 puntukoa izan da.

https://amezti.tok-md.com/argazkiak/XRD/Basaburua.png

Ultzama

Ultzaman, EH Bilduk 236 boz jaso ditu, bigarren postuan gelditu den PSNk 148 lortu dituen bitartean. UPN hirugarren postuan gelditu da, 129 boz jasota. Abstenzioa eskualdeko handiena izan da Ultzaman, %38,54 punturekin.

https://amezti.tok-md.com/argazkiak/tuT/Ultzama.png

Atetz

Atetzen aldea estuagoa izan arren, hemen ere EH Bildu izan da garaile. 41 boz jaso ditu alderdi independentistak, eta bigarren postuan gelditu den PPk, berriz, 32. Abstentzioa eskualdeko baxuena izan da Atetzen, %25,40 puntukoa.

https://amezti.tok-md.com/argazkiak/rnP/Atetz.png

Odieta

Odietan, EH Bilduk 71 boz jaso ditu, eta segidan, tarte oso txikiarekin, PSN (32 boz), UPN (31 boz) eta Sumar (29 boz) gelditu dira. Abstentzioa %31,81 puntukoa izan da bertan.

https://amezti.tok-md.com/argazkiak/Bvw/Odieta.png

Anue

EH Bilduk 79 boz jaso ditu Anuen; PSNk 42; PPk 38 eta UPNk 35. Abstentzioa, %32,81 puntukoa izan da.

https://amezti.tok-md.com/argazkiak/uEb/Anue.png

Lantz

Lantzen ere EH Bildu izan da lehen indarra, 23 boz jasota. UPNk segitu dio, 15 bozekin; eta PSN izan da hirugarren, 14 bozekin. Abstentzioa, beste udalerri gehienekin alderatuta, baxuagoa izan da Lantzen ere: %25,86 puntukoa, hain zuzen.

https://amezti.tok-md.com/argazkiak/WfM/Lantz_ongi.png

*Grafikoen iturria: Berria.eus