Urmuga, mendia eta musika, eskualdean ere

Amezti.eus 2023ko uzt. 19a, 13:08

Uztailaren 12an hasi zen eta 30raino izanen da Urmuga ekimena; Euskal Herria zeharkatuko duen mendi ibilaldiak mendizaleak eta musikariak batuko ditu, mendietan kontzertuak eskainiz.

Angulo portutik Hiru Erregeen Mahaiarainoko ibilbidea eginen du Urmuga ekimenak, tartean, mendietan, kontzertuak eskainiz. Natura eta gizakia harremantzea da helburua, musikaren bidez.

Gure eskualdetik gertu eta eskualdean uztailaren 20tik 23ra bitartean izanen da Urmuga. Bihar, uztailaren 20an, gerturatuko da ibilbidea gure eskualdera: Lizarrustitik atera eta Albiasuraino, Aralarko iparraldeko inguruak zeharkatuko ditu. Ondoren, 21ean, eskualdean sartuko da, Otsolan eta Gorostietan barna. Larunbatean, berriz, Ultzama pasako du, Belateraino, kontrabandisten bidea jarraituzz. Eta igandean Saioa pasa eta Belateko galtzadatik joanen dira.

Kontzertuei dagokionez, uztailaren 20an Aizpearron (Aralar) Eñaut Elorrieta, Alaitz eta Maider, Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Olaia Inziarte eta Bixente Martinez arituko dira, 18:30an. Eta, uztailaren 21ean, 15:30ean, Lekunberrin, La Peña miradorean eta dohan, Intxaurte Kantariak Otxotea, Imanol Aizpurua zuzendariarekin eta Ramon Beraza pianojolearekin.

Sarrerak eskuratu daitezke Urmugako webgunean.

Eskualdetik Igoako Leontzio Uharte ari da Urmugan parte hartzen, hirugarren aldiz eta oso esperientzia polita dela esan digu.