Jendetza bildu zuen Ultzaman lehenengo Kuadrillen Egunak

Amezti.eus 2023ko eka. 19a, 17:54

Larunbatean Kuadrillen eguna ospatu zen Larraintzarren. Adin eta herri guztietako ultzamarrak bildu ziren.

Herri kirol desafioak erakarri zuen jende gehien. Bai lehian -110 pertsona aritu ziren- eta baita ikusle gisa ere, Larraintzarko frontoneko armailak lepo baitzeuden.

10:00etan hasi zen desafioa, 11 kidek osatutako 10 talde aritu ziren txapela lortzeko asmoz. Txandaka osatu zituzten lanak: Etxikarte, Txokoracing eta Xulatez taldeko kideak izan ziren lehenak, kamiseta gorriarekin, beltzarekin eta horiarekin, hurrenez hurren; ondoren, Mostuzes (urdinez), Morkotx (berdez) eta Errezetak (arrosaz) taldekoak; eta, hirugarren, Eskubaloitarrak (morez), Artozakis (laranjaz), Yagermaizterrak (txuriz) eta Mokordis (berde argiz).

Osatu behar izan zituzten lanak: lokotx biltzea, txingak (50 kilo esku bakoitzean gizonezkoentzat eta 25 kilokoak emakumeentzat); zaku eramatea bi itzulietan (40 kilokoak mutilentzat eta 20 kilokoak neskentzat), korrika (sei buelta frontonera), trontza, ingude altxatzea eta aizkora (ondoren moztutako 24 egurrekin dorrea egin behar zuten, erori gabe).

11:45ean gutxi gorabehera bukatu zen desafioa eta azken momentura arte emozioa nabarmena izan zen, epaileek ordura arte gorde baitzuten txapeldunaren izena. Azkenean, kolore gorriz jantzitako Etxikarte taldeak irabazi zuela eman zuten jakitera, 18:35ean lanak egin ondoren eta nahiz eta 20 segundorekin penalizatu zituzten, egur bat dorrean jarri gabe utzi zutelako. Ia minutu t'erdi atera zieten arrosaz jantzitako Errezetak taldekoei, hauek 19:56an bukatu baitzituzten lanak sailkapenean bigarren postua lortuz.

Desafioa bukatuta, festa izan zen nabarmen Larraintzarren, ekaitzak tartean izan arren, euriak ez baitzuen zapuztu. Modestok jarri zuen musika bazkalostean, ondoren, The Piojos rockeroek; eta, bukatzeko DJ Bakok.


Sailkapena, osorik:

1- Etikarte: 18'35''
2- Errezetak: 19'56''
3- Mokordis: 20'02''
4- Morkotx: 20'05''
5- Xulatez: 20'18''
6- Mostuzes: 20'38''
7- Txokoracing: 21'07''
8- Yagermaizterrak: 21'18''
9- Artozakis: 21'54''
10- Eskubaloitarrak 23'42''

 

 

Erlazionatuak