Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena ultzamarrak Euskadiko trontza txapelketa mistoko txapeldunak dira. Agurainen izan zen norgehiagoka. Oso lehiatua izan zen, baina, azkenean zazpi segundorengatik, ultzamarrek Jon Lapazaran eta Garbiñe Lopez de Uralde bikotearen aurretik bukatu zuten, eta lanak 4 minututan eta 13 segundotan bukatuta, txapela lortu zuten. Ainhoa Iraizoz: "Beraien aurka hortxe-hortxe ibiltzen gara beti. Zortea izan genuen bigarren txanda tokatu zitzaigulako eta denboren erreferentziak geneuzkan horrela".
Julen Kañamares ateztarrak ere parte hartu zuen Uxue Ansorregirekin bikote, eta marka ederra egin zuten, hirugarren postua lortu baitzuten.
Bestalde, Maria Iraizoz eta Iñaki Barberena ere, Ainhoa eta Josetxoren ahizpa eta anaia, izan ziren lehian eta bostgarren gelditu ziren. Ainhoa Iraizoz: "Zorte txarra izan zuten, mozketa batetan atera eta hura berriz hasi behar izan zuten".