Ultzamaldeko II. goxoa pilota txapelketa amaitu da

Amezti.eus 2023ko mai. 24a, 13:40

Aurreko maiatzaren 19an, ostiralarekin, arratsaldeko 17:00etan jokatu ziren Auzako frontoian Ultzamaldeko II. goxoa txapelketako finalak. Hilabete luze bat irauten duen txapelketari amaiera ematen dion eguna izan zen.

Txapelketa apirilaren erdialdean hasi zen, ligaxka fasearekin. Bai ehenengo bai bigarren mailan zortzi bikote sartu ziren txapelketan. Lizasoko Orgi jatetxeko otordua eta kopa izan ziren sariak.

Finaletako jardunaldia bigarren mailako partidarekin hasi zen, azken orduko bi bajarekin. Izan ere, Joxerrak finalaurrekoa ezin izan zuen jokatu, final laurdenetako partidan izan zuen behatz luxazioarengatik. Bere ordez, Jabiertxo jarri zen bikotea defenditzeko. Bestalde, Xomok zuntz haustura bat izan zuen finalaurreko partidan; eta, Josu, anaia, aritu zen bere ordez finalean, Beloki eta Zulaikaren aurka. Markagailuan, diferentzia handia izan zen arren, partidu gogorra eta lehiatua izan zen. Zulaikak asmatu egin zuen erremateetan eta Belokik eskuin solte bat erakutsi zuen. Belokik eta Zulaikak osatutako bikotea izan zen txapeldun.

Lehen mailako partidan Murgiondok eta Retegik lortu zuten txapela, Barbajero eta Legarraren aurka. Erritmo bizikoa izan zen partidaren lehen zatia, dirdira handiko tantoekin. Markagailua zortzira berdinduta zegoela, Retegik eta Murgiondok erritmoa mantendu eta Basaburutarren beherakada eragin zuten, eta, azkenean, 22 eta 13 bukatu zuen markagailuak, Irurtzungo klubeko pilotarien alde.