Udal Hauteskundeak 2023

Udal hauteskundetarako zerrendak argitaratu dira

Amezti.eus 2023ko api. 26a, 13:23

Odieta da bi zerrenda hautagai izanen dituen udalerri bakarra, Ultzaman EH Bildu bakarrik aurkeztu baita. Atetzen ez da zerrendarik aurkeztu.

Maiatzaren 28an izanen dira udal hauteskundeak eta gaur argitaratu dira, modu ofizialean, aurkeztutako zerrendak.

Ultzamak zerrenda hautagai bakarra izanen du aurten, EH Bildukoa, Agrupación Ultzamak ez baitu zerrendarik aurkeztu. Urteetan zerrenda buru izan zen Patxi Perez Parlamenturako UPNko zerrendetan doa aurtengoan, hemeritzigarren tokian.

Atetzen, hutsik gelditu da kandidatura, ez baita zerrendarik aurkeztu. Hori horrela, egungo udal taldeak jarraitu beharko du datozen sei hilabeteetan, hauteskunde deialdi berri bat izan arte. Orduan inor aurkezten ez balitz, gestora batek hartuko luke udaletxea kudeatzeko lana.

Odietaren kasuan, aurten, bi zerrenda izanen dituzte hautagai. Azken hauteskundeetan aurkeztu zen Odieta Martxan plataforma ez da aurkeztuko, baina berrikuntza moduan, lehen aldiz EH Bildu aurkeztuko da hauteskundeetara. Odietako Elkarte Independentearena da bigarren hautagaitza. EH Bilduko zerrendan Ane Miren Buitron Zazpe da buru, eta egun gobernu taldea osatzen duen Odietako Elkarte Independentearen zerrendan, berriz, Alberto Jose Urdaniz Elizondo.

Basaburuan, Esther Lakasta ez da aurkeztuko EH Bilduren zerrendan hauteskunde hauetan. Santos Etxegia Oronoz izanen da zerrendaburu. Gainontzeko udalerrietan, badira berrikuntza eta aldaketa txikiak, baina aurreko legegintzaldiko taldeetako pertsona askok errepikatuko dute. Lantzen kasuan, egun alkate den Isabel Baleztena zerrendako bigarren postuan ageri da, eta lehenengoan, berriz, Ruben Beunza.

Hauteskundeetara bitartean zerrenden proiektuen inguruko informazio guztia bildu eta argitaratuko dugu.