Elkarrizketa

Gimnasioa eraikitzen ari da Ultzamako Udala

Amezti.eus 2023ko api. 4a, 11:00

Badira bi hilabete Ultzamako gimnasioa eraikitzeko obrak hasi zirela, eta aurreko ostiralean, herritarrekin gimnasioaren inguruko saio irekia antolatu zuen Udalak. Eraikiko den gimnasioa nola antolatu eta bertan zein espazio banatu erabakitzeko eta herritarren proposamenak jasotzeko asmoz egin zuten. Bertan hitz egindakoak azaldu dizkigu gaurko saioan Ekaitz Astitz zinegotziak.

Kirol teknikariak egin zuen lehen proposamena, eta, nolabait, bere ekarpenak izan dira abiapuntua. Jendearen parte hartzea bultzatzeko egin zuten saio irekiak izandako erantzunarekin pozik azaldu da zinegotzia.

Gai desberdinak landu zituzten bertan: makinen konfigurazioa, baliabideen antolaketa eta disponibilitatea. Astizek azaldu duenez, aurrerago bilera gehiago egin beharko dira ordutegiak eta beste hainbat gai zehazteko. 

Lehen bilera hartatik ateratako proposamena da bi areto egotea gimnasioan: bata kardioa eta indarra lantzeko makinekin, eta bestea, funtzionalagoa, luzaketak, flexibilitatea eta bestelako ariketa gidatuak egiteko aukera emanen duena.