Andoni Gaskue, Zabalarekin bikote, binakako txapeldunordea

Amezti.eus 2023ko api. 3a, 16:44

Andoni Gaskue, Larraintzarko atzelaria, Javier Zabalarekin bikote, promoziozko binakako txapelketan txapeldunordea izan da.

16 eta 22 galdu zuten Labriten, larunbatean, Larrazabal eta Eskirozen kontra. Azkenekoak aurretik izan zituzten uneoro, eta, beraz, txapela galdu zuten.

Javier Zabala pasa den urteko txapelduna zen, orduan Oier Etxebarria izan zuen atzelari, baina ezin izan du txapela berritu. Andoni Gaskue ultzamarra lehenengo aldiz iritsi da maila horretako finalera. Profesionaletan debutatu zuen 2021eko azaroan.

Txapelketan oso gustura aritu dela esan digu Gaskuek: "Ongi zaudenean kantxan disfrutatzen da eta nabaria izaten da hori emaitzetan. Txapelketa oso ongi prestatu nuen, bai fisikoki eta baita frontoian ere. Baina gauza bat da entrenamenduetan sentsazio onak izatea eta beste bat sentsazio horiek partidetara eramatea. Eta hasieran kostatu zitzaidan sentsazio horiek partidetan nabaritzea. Baina gero oso gustura aritu naiz".

Profesionaletan daraman denboran lan asko egin duela adierazi digu Gaskuek, eta, horregatik, finalean sartzea sari gisa hartu duela. Finala, beraz, ilusioz bizi izan duela esan digu, baina partidan sufritu duela aitortu digu: "Hasieran pilota batekin mina hartu nuen eskuan. Pena handia, final batera iristea eta eskua izorratzeak haserrea eragin zidan eta horregatik egin nuen negar. Baina hori momentuko emozioa izan zen, ondoren, lasaiago, hasi gara baloratzen egin dugun txapelketa, osorik. Eta, orokorrean, oso gustura eta oso ongi aritu naiz".