Eskualdeko herritarrak elkarretaratzean bildu dira gaur goizean, Jauntsarasko Osasun etxearen parean, osasun publikoa babesteko eta osasun langileen lan baldintzak hobetzearen alde. Modu horretan, Nafarroako herritarren osasun baldintzak hobetzea da helburua, horretarako, osasun sistema publikoa den konkista sozialari uko egiteko prest ez daudela aldarrikatu dute.
LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek deituriko elkarretaratzea da. Azken 20 urteetan murrizketak eta pribatizazioak jasan dituztela salatu dute zabaldu duten komunikatuan: "osasun-zerbitzu publikoa negozio bihurtu nahi dute (...) Ez gaituzte engainatzen, badakigu osasuna pribatua den herrialdeetan heriotza tasa handiagoa dela eta kostu ekonomikoa askoz ere handiagoa". Aldi berean, Nafarroako Sindikatu Medikoak exijitutako esklusibotasuna ezabatzea ere salatu dute gaurko komunikatuan, greba ekiditeko hartutako neurri hori (eta ekidin ez zuena) osasun publikoaren okerrerako eta osasun pribatuaren areagotzerako izan dela salatu dute gaurko elkarretaratzean.
Egoera iraultzeko, besteak beste, lehen arreta indartzea eskatu dute: "osasun unibertsala, publikoa eta kalitatezkoa, berdintasun sozialaren ikur handienetako bat da, eta, horretarako beharrezkoa da Osasun Departementuaren aurrekontuaren %25 Lehen Arretarako izateko helburua berehala lortzea".
Osasun langileen erosmen ahalmena handitzea (%20a galdu dute azken hamar urteetan, oharraren arabera), Osasunbideko langile guztiei karrera onartzea eta ordaintzea eta herritarren itxaron- zerrendak murrizteko behar den zerbitzuetan langile kopurua handitzea eskatu dute besteak beste. Behean duzue irakurketa osorik.
Gaur Nafarroako osasun etxe guztietan elkarretaratzea deitu dute. Eta, Larunbatean, manifestazioa deitu dute Iruñean. Baiona etorbideko Golem zinemetatik aterako da, 17:30ean.
Gainera, martxoaren 23rako greba eguna aurreikusten dute.